Eusko Legebiltzarrak harrera beroa egin dio Israelgo enbaxadoreari. "Israel eta Euskadiren arteko adiskidetasunaren seinale", Parlamentuko mahaiko presidente Bakartxo Tejeriaren eskutik jaso ditu Kutnerrek Eusko Legebiltzarreko ikurra eta Linguae Vascorum Primitiae liburuaren kopia bat. Ondoren ekin diote ordu erdiko bilera pribatuari.
Segurtasun neurri handien artean heldu da diplomatikoa Parlamentura. Mobilizazioak direla eta atzeko atetik sartu behar izan da. EH-Palestina sareak deituta, ehun bat pertsonek hartu dute parte enbaxadorearen bisitaren aurkako kontzentrazioan. Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihuak entzun dira ordubetez luzatu den elkarretaratzean. Askapenako kide Xabier Lasak ARGIAri egindako adierazpenetan, "Israeleko adierazpen politiko edo kultural ororen presentzia Euskal Herrian" salatu nahi izan dute manifestariek. Lasaren esanetan "onartezina da guztiona den Parlamentuan Palestinaren genozidioa eta apartheid politikoaren arduradunari harrera egitea" eta EAJk enbaxadorearen bisita ezkutarazi egin duela salatu du. «BDS kanpainarekin jarraitzeko konpromisoari eutsiko diotela» adierazi du EH-Sareko ordezkariak eta "okupazioa sufritzen duen herri palestinarrari babesa emateko" deia luzatu dio Euskal Herriari.
EH Bildu enbaxadorearen presentziaren aurka
EH Bilduko parlamentariek ere protesta egin dute Israelgo enbaxadorea Parlamentura heldu den unean. Legebiltzarreko harreran, alderdi abertzaleko kideek Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako kartelak erakutsi dizkiote entitate sionistaren ordezkariari eta tentsio uneak izan dira. Kanpoko mobilizazioarekin bat egin aurretik, parlamentari ezkertiarrek "Palestina askatu" eta "Israel hiltzaile" oihu artean agurtu dute Daniel Kutner.
(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)