Armadak dio ezin duela Araka utzi “arrazoi estrategikoengatik”. Horri lotuta, soziologoaren iritziz, interes ekonomikoek Araka saltzera bultza dezakete armada: “Gerta daiteke edozein momentutan Araka inguruan etxebizitza proiektu bat sortzea; beharbada orduan salduko ditu lurrak”.
Frankismotik datorren auzia
Espainiako indar militarrek XIX. mendean eskuratu zituzten Gasteizko zenbait lur eremu, tartean Araka eta hiriburuko erdialdea. Tiro praktikak eta gisakoak egiteko behar zituzten lur horiek; baina kanpamentu bilakatu dituzte denborarekin. Ordutik, armadak zenbait desjabetze akordio sinatu izan ditu Udalarekin.
Frankismo garaiko hasierako urteetan militarren esku zegoen Gasteizko erdialdea, 50eko hamarkadan etxebizitza proiektu bat jaio zen arte. Udalak lur eremua erosi zion, nahiz eta ezin izan zuen bere osotasunean salmenta prezioaren kargu egin. Ruiz de Pinedok dio gutxi gorabehera %80 ordaindu zuela, armadari Udal zergak (ura, zaborra…) ez kobratzearen truke.
Osteko zenbait Udal Gobernuk akordioarekiko ezadostasuna erakutsi izan dute, bere garaian eginiko operazio horietan zenbait itzalgune antzeman dituztelako. “Armadak errepide, berdegune eta gisakoak egiteko lurrak saldu zituen, doan eman behar zituenean”, dio de Pinedok. “Ondasun higiezinen salmenta diru-iturri garrantzitsua da militarrentzat, horrelako operazioak aurrekontuetan agertzen ez diren arren”, gaineratu du.
(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)