Etapa ihesaldian erabakiko zela garbi zegoen. Garailea nor izango zen asmatzea, ordea, ezinezkoa, dozenaka lagun baitziren ihesaldian sartzeko hautagai. 36 lagunek osatu dute ihesaldia, eta elkarrekin egin dute bidea 100 kilometrotan. Helmuga usaindu duten arte.
Orduan hasi den borroka ikusgarria izan baita, oso borrokatua. Erasoari erasoa, zaintza lan zorrotzak eta mila ahalegin ondokoaren ekimena zapuzteko. Ehiztari trebeak asmatu du galbahea egiten, Michal Kwiatkowskik, eta Campenaerts eta Vercher batu zaizkio. Oier Lazkano ere ez da urruti izan, 10-12 segundo, baina zaldiak ihes egin dio gasteiztarrari beste behin.
Oier Lazkano ere ez da urruti izan, 10-12 segundo, baina zaldiak ihes egin dio gasteiztarrari beste behin
Hirukoteak minutuko zuloa lortu du aurrena, etapa euren artean erabakiko zela ziurtatzeko. Behin lortuta, esprintean erabaki da garaipena, eta Campenaerts izan da azkarrena. Tourreko lehena, baina langile fin eta zintzoei ohore egiten diena. Hurrengo urteetarako Visma taldearekin sinatu izanak erakusten du bere lanerako gaitasuna.
Tropela lasai aritu da, ihesaldian txirrindulari arriskutsurik ez zegoela baieztatuta, eta 14 minutura helmugaratu da ia. Biharko etaparen ze suman ibili dira oilarrak. Eta beharko, Tourreko etapa gogorrenetakoa baita 19. saioa: Embrun-Isola 2000. 145 kilometroan 4.600 metroko desnibel metatua, eta maila bereziko hiru mendate bidean: Vars, Bonette-Restefonds, 2.802 metrokoa, eta Isola 2000 bukatzeko. 50 km. pasa gorantz, eta oso gora. Vismaren azken bala.
Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.