Lasaitu latza hartu du Jasperrek

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo - Aiurri.eus 2024ko uzt. 9a, 18:48

Argazkia: A.S.O./Charly Lopez

Hamar etapa itxaron behar izan ditu belgikarrak bere faboritismoa baieztatzeko, baina taldeak lan bikaina egin dio gaur, lehen etapa irabazteko.

Presioa zer den ondo asko erakutsi du Jasper Philippsen-ek etapa garaipena lortu osteko keinu eta adierazpenetan. Etapa poltsikoan zuela ziur izan denean besoak jaso eta sekulako orrua bota du; askatasun haizea esprintetan faborito handi izan, baina garaipena lortzeko komeriak dituenarentzat. Mikrofonoa hartu eta argibide gehiago eman ditu Alpecin taldekoak. Esan du lehen astea oso txarra izan dela eurentzat, bost esprint eta garaipenik ez, eta bigarren astea garaipenarekin hastea oso oso garrantzitsua zela; etorriko diren garaipen gehiagoren atarikoa.

Philippsen-ek taldekideen lan bikaina baliatu du garaipena lortzeko. Quiet tricky omen zen etapa bukaera, Philippsen beraren ahotan. Alegia, bihurri samarra. Hiru bihurgune gaizto zeuden azken kilometroan, eta hirurak ezin hobe kudeatu dituzte Alpecin-eko morroiek. 500 metroren faltan Mathieu Van der Poel-ek hartu du burua, eta Philippsen-ek munduko txapeldunaren lan bikaina errematatu beste lanik ez du izan. Grmay eta Ackermann gainditu ditu esprintean.

Presioa zer den ondo asko erakutsi du Jasper Philippsen-ek etapa garaipena lortu osteko keinu eta adierazpenetan

Bestelakoan zer kontatu gutxi izan du 10. etapak, esprinterren oso oso aldeko zelako. Bost lagun aritu dira ihesean 20 kilometroko tarte batean, baina esprinterren taldeek zirrikiturik txikiena ez uzteko erakutsi duten berehalako borondatearekin amore eman dute alperrik nekatu baino lehen. Gauzak horrela, oso aspergarria izan da etapa. Etapa lauak ere behar direla esango du ASO antolakuntzak, baina garbi dago etapa zozoak izateko proportzioa handia dela, ibilbidearen baitan.

Ez da hala izango bihar, biharkoan tropela Erdialdeko Mendikatean sartuko baita bete-betean: Evaux-les-Bains / Le Lioran. 211 kilometroko etapa luzea, eta 4.350 metroko desnibel metatua. Erne azken 50 kilometroei, lehen mailako mendate bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako beste bat daudelako azken tarte horretan. Mendate motzak dira, 5-8 kilometro, baina oso tenteak, tarteka %10etik gorako kilometro osoak dituzten mendateak. Borrokarako ezin egokiagoa, beraz. Gaurkoa baino politagoa izateko ez da asko behar!!!

Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago