Veni, Vidi, Bini

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo - Aiurri.eus 2024ko uzt. 6a, 20:08

Argazkia: A.S.O./Billy Ceusters

Biniam Grmayk bigarren etapa garaipena lortu du, helmugako aldapatxoa baliatuta, eta Philippsen eta De Lie menderatuta eroso

Gehiago espero zen gaurko etaparekin, baina biharkoak beldur apur bat eragin du tropelean, eta ez da borroka handirik eman oilarren artean. Ihesaldia sortzeko lehia ere laburra eta azkarra izan da, etapà hasi eta berehala sortu baita eguneko abenturazaleen apustua. Uno X-ko Abrahamssen, eta Education First-eko Powless eta Bisseger-ek osatu dute ihesaldia. Tropelak, baina, ez die tarte handirik eman, minutu pasatxoa, eta EF-eko bi lagunek geratzea erabaki dute. Abrahamssen bikingoak ez, eta bidea egin du bakarrik. Buruan lagun bakarra zegoela jakinda, lasaitu egin da tropela, eta norvegiarrak sei minutuko zuloa ireki du, ihesean 170 kilometro osatu arte.

Alperreko ahalegina, dena den, etapa garaipenari begira, tropelak aise irentsi baitu 14 kilometrora. Helmuga bihurri samarra zen, igoeran, eta azken 150 metroak %6 edo %7ko pendizarekin. Horrekin nahiko ez, eta haizea kontran. Pazientzia erabakigarria izan bide zen esprintean, eta halatsu jokatu du etapa garaileak, Biniam Grmay-k. Eritrearra ez da Philippsen edo De Lie-ren berotuekin itsutu., eta azken 50 metroetan bakarrik hartu du tropel burua. Hartu behar zenean. Nahiko. Philippsen baino indartsuago iritsi da une erabakigarrira, eta aise menderatu du belgikarra. Veni, Vidi eta Bini! Etorri nintzen, ikusi nuen, eta Bini, Biniam Grmay. Oilar nagusien artean ez da diferentziarik egon.

Bihar etapa erabakigarria Troyes hiriko mahastietan barrena. 200 kilometro, horietatik 32 lurbideetan 14 zatitan banatuta. Eguzkia dago iragarria, eta lokatza baino hautsa izango da protagonista. Oilarrak kukurrukuka ikusiko ditugu, beraz erne!!!

Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago