Frantziako Tourra hastera doa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko eka. 27a, 12:17

Argazkia: © Karlis

Vingegaard-en sasoi puntuak baldintzatuko du erabat Tourra: Pogacar ikusgarri aritu zen Giroan, eta hasieratik hautsi nahiko du, baina Vingegaard-ek lehia bizirik mantendu nahiko du azken eguneko erlojupekora arte.

Kartak mahai gainean daude. Edo ez. Larunbatean hasiko den Tourreko etapak aspaldi zehaztu ziren. Oilarrek hilabeteak izan dituzte Tourra ahalik eta ondoen prestatzeko, baina proba hasi bezperan gaude, eta hainbat galderek erantzunik gabe segitzen dute. Erantzun zehatzik gabe, zuzen mintzatuz gero. Tourra irabazteko hautagai nagusienaren sasoi puntuaz informazio zehatzik ez baitago.

Jonas Vingegaard Euskal Herriko Itzulian jausi zen, Kurtzeta mendatean. Erorikoa larria izan zen. Neumotorax larria jasan zuen, besteak beste, eta hiru hilabete geroago ez du beste probarik korritu. Tignes-en, Alpeetan izan da prestatzen azken astetan, baina hainbat zalek grabatutako bideoak baino ez daude, eta minutu bateko grabazioek ez dute arrasto handirik ematen. Bere taldeak, Vismak, Tourreko zortzikoan sartu du, eta talde indartsuarekin inguratu danimarkarra, baina Vingegaard-en sasoi puntua zein den dakiena, aberats. Pogacarrek ere jakingo luke gustura, baina espioitza zerbitzu on-onen faltan, errepidea bakarrik erabil dezake denok nahi dugun informazioa jasotzeko.

Bina berdinduta daude Vingegaard eta Pogacar, eta berdinketa noren alde desorekatuko den dago jokoan etzitik aurrera. Itxuraz, Pogacarren alde dago, esloveniarra ikaragarri ibili baita Tourraren atariko lehiaketa guztietan. Giroan batez ere, aurkari guztiak hankapean ibiliz. Nahikoa izango ote da? Bistakoa da Pogacar fin dagoela, iaz baino hobeto, orduan hark jasan baitzituen erorketa baten albo kalteak. Vingegaard onenak bakarrik egin diezaioke aurre Pogacar onenari, eta galdera mundu guztiak egin dezake: bere onenetik gertu al da Vingegaard?

Inork ez du txakur txikirik ematen Pogacar-Vingegaard bikotea ez den norbaiten alde

Lehen etapan ikusiko da. Erraiak irakiten izango dituelako esloveniarrak. Tourra hirugarrenez irabazi eta azken bi urteetako mendekua hartzeko; lehen etapak borrokarako bidea irekitzen duelako. 3.600 metroko desnibel metatua Florentzia eta Rimini artean, eta zazpi mendate bidean: hirugarren mailako lau eta bigarren mailako beste hiru. Hanka zuztarrak nola dauden jakiteko test ezin hobea. Italian jokatuko den bigarren etapak ere zeresana emango du, klasiko baten itxura baitu, muino bihurriz josia. Bereziki interesgarria azken kilometroetan bitan igoko den San Luca gaina; bi kilometro eskasekoa, baina %10.6ko batez bestekoa duena. Azken pasaeratik helmugara 12 kilometro bakarrik daude.

Asteburu potentea da lehenengoa, Tourra lasaixeago hasi zalea baita. Turingo esprintaren ostean azkazalak dardarka jarriko zaizkie askori berriro uztailaren 2ko etaparekin, Alpeetako bihotzean. Sestrieres eta Montgenevre aldapa etzanak dira, baita Galibier ere Lautaret leporaino. Hortik gorako 10 kilometroak bihurriak dira, eta gainetik pasa eta jaitsiera azkar baten ostean bukatuko da etapa, Valloire herrixkan. Akatsak, flakiak, debekatuak daude, edo egon beharko lukete, baina UAE taldeak eta Pogacar-ek ezin horiek agerrarazteko determinazio sendoa dute. Erne errepide bazterrei, Galibier mendateko parajeak elurtuta baitaude zeharo, eta jaitsieran ezustekoak gerta daitezke.

Trantsizio etapa pare bat etorriko dira gero, eta lehen ostiralean, Tourreko lehen erlojupekoa: 25 kilometro ditu, eta kasko bat bide erdian. Bakarkako lehen test serioa izango da. Lehen atseden egunaren bezperan, sterrato edo lurbideko etapa. 14 zati, eta 32 kilometro, denera, Troyes aldean. Gorabehera txiki batzuk badira bidean, eta triskantza handia izan liteke eguraldiaren baitan. Bustia bada, erne, hautsi egingo baita tropela erabat.

Bigarren asteko ekuatorean Erdialdeko Mendialdean barneratuko da Tourra, Le Lioran gaineko bukaerarekin. Puy Mary Pas de Peyrol ezaguna igoko da helmugatik gertu, eta etapak 4.350 metroko desnibel metatua dauka. Eskualde hartan beroak lodi kolpatzen du uztaila betean, eta bakarren batek azkazalak ere gal ditzake, etapa bizia bada. Pirinioetara bidean, bi etapa lasai osatuko dira, eta Euskal Herritik gertu bi etapa polit. Lehenengoan Tourmalet erregea, Hourquette d’Ancizan eta Pla d’Adet igoko dira, bukaera azken aldapa horretan. Ez da sekulako mendiko etapa, oroimenean iltzatuta geratzen den horietakoa, baina Tourmalet tartean egonda, zuhur izatea onena.

Gogortasun handia azken astean

Pirinioetako bigarren etapak eta azken asteko ia guztiak mugarri izan daitezke Tourreko garailea erabakitzeko bidean. Pirinioak agurtzeko 4.800 metroko desnibel metatua duen etapa osatuko dute. Menua, latza: Peyresourde, Mente, Portet d’Aspet, Col d’Agnes eta Plateau de Beille tenteak, bata bestearen atzetik kateatuta. 200 kilometroko etapa da, gainera, Tourreko gogorrenetakoa ezbairik gabe.

Bigarren atseden eguna eta gero, Nimes hirira iristen dena izango da lasaitasun apur batekin hartu ahal izango den azkena. Tourreko azken rush-a beldurgarria izango delako. Asteazkenean, Alpeen atarian, Superdevoluy eski estazioan amaituko da etapa, hiru mendate azken 40 kilometrotan. Alpeetako sarrera 180 kilometroko etapa gorabeheratsuarekin egingo da, Gap-en hasi eta Barcelonette-en bukatu. Jendea justu samar joango da ordurako, eta aurretik, eta ondoren, etapa gogorrak daudenez, ezustekoak gertatzeko osagai guztiak ditu azken osteguneko saioak.

Tourra, dena den, azken hiru egunetan erabakiko da, inolako zalantzarik gabe. Mugaraino eramango ditu ziklistak Embrun-Isola 2000 etapak. 4.400 metroko desnibel metatua, eta horietako erdia mendate bakarrean: La Bonette-Restefonds, 2.802 metroko mendatetzarra, eta aspaldi Europan asfaltatua dagoen mendate garaienaren eztabaidan murgildua. Bonette 23 kilometro da luze, eta %6.9ko batez bestekoa du; 12 kilometro oso 2.000 metrotik gora, horrek eragin dezakeen nekearekin. Aurrez, gainera, Col de Vars igoko dute, beste bi milako bat, eta bukatzeko, Isola: 16 kilometro %7.1eko maldarekin. Hau ere 2.000 metroko mugan. Ikaragarria.

Turingo esprintaren ostean azkazalak dardarka jarriko zaizkie askori berriro uztailaren 2ko etaparekin, Alpeetako bihotzean

Indarraren gestioaz, bukaerara indartsu iristeaz mintzatu gara kronika hasieran,  Isola triptiko baten lehen atala baino ez da izango. Larunbatean, Tourra bukatu bezperan, beste mendate razio oparo bat: Niza-Col de la Couillole. 130 kilometro eskas, baina 4.600 metroko desnibel metatua. Bidean bigarren mailako Braus, eta lehen mailako Turini ezaguna, Colmiane eta Couillole (15.7 km., %7.1eko malda). Eta azkena, eta akaso denetan erabakigarriena: Nizako erlojupekoa. 33.7 kilometro eta La Turbie eta Col d’Eze mendate ezagunak tartean. 650 metroko desnibel metatua, zeharo zukututa izango diren hanka zuztarrak are gehiago zukutzeko. Diferentzia handiak egon litezke bakarkako lanean, eta egun horretarako balaren bat gordetzea komeni. Ez harritu, gainera, etapa horrek aurreko mugimenduak blokeatzen baditu.

Pogacar, Vingegaard eta kito

Inork ez du txakur txikirik ematen Pogacar-Vingegaard bikotea ez den norbaiten alde. Hain dira nagusi, irits ezin, ez dela izenik ikusten bi mamu horiei aurre egiteko. Izatekotan, baina asko arriskatuz, Primoz Roglic izan daiteke bakarretakoa. Bere onenean ere, baina, Borako esloveniarra Pogacar herrikidea eta Vingegaard baino eskailera pare bat beherago dagoela dirudi. Buruz burukoan jai duenez, ezusteko erasoekin, urrunetik mugituta topa dezake zirrikituren bat Roglic-ek, baina zeregin horretan taldeen sendotasuna sartzen da jokoan, eta UAE-k eta Vismak eramango dituzten zortzikoak errepasatuta, garaiezinak dirudite erabat. Bora taldeko zortzikoa ere ez da herrena, dena den, Vlasov eta Hindley txirrindulari apartak baitira.

UAE taldearen zortzikoak beldurra ematen du, dardarizoak eragin: Joao Almeida, Juan Ayuso, Adam Yates, Pavel Sivakov, Marc Soler, Nils Politt, Tim Wellens eta noski, Tadej Pogacar. Nork irabazi, horiei? Vismak, balantzan, Vingegaard-i laguntzeko zaldi on askoak jarriko ditu: Van Aert, Jorgenson, Kuss, Kelderman, Benoot, Tratnik… Nahikoak izango ote dira? Erantzuna, hurrengo egun eta asteetan.

 

Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago