Nahieran dabil Poggy!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 14a, 18:12
Arg: Frantziako Tourra

Tourreko etapa nagusia irabazi du Pogacarrek, Portet mendatean erakustaldia emanda; UAE taldea erre du, ihesaldia harrapatzeko, eta zortzi kilometrora erasoa jo, Vingegaard eta Carapaz-ekin bakarrik geratzeko. Dozena erdi erritmo aldaketa egin ditu gero, baina azken 100 metroak iritsi arte itxaron behar izan du etapa irabazteko

Mont Ventoux-eko txakalaldia atrezzo-a izan zen, antzerkia. Bestelakoan ez baita normala Pogacar ondorengo etapetan ematen ari den ziurtasuna, indar erakustaldia. Erlojupekoa irabazita ere, etapa bat irabazi nahi zuela aitortu zuen esloveniarrak, eta zein hobea, gaurkoa baino. Tourreko etapa gaiztoena, politena. Modu harrigarrian zaindu, neurtu ditu aurkari denak liderrak. Berak egin eta desegin du, nahierara, eta uneoro nahi zuen modu eta unean alboan zituen aurkariak menderatuko zituela erakutsi du. Formolo, McNulty eta Majka morroiak erabili ditu oilarren tropela txikitzeko, jendea muga-mugan eramateko, eta zortzi kilometrora jo du kolpea, Majkak 200 metro bizi-bizi egin eta gero. Vingegaard-ek eta Carapaz-ek bakarrik eutsi diote.

Aurpegia eman du azken ordu erdian, txanda luzeenak, Vingegaard-i erreleboak emateko eskatu eta utzi. Carapaz-i ere eskatu dizkio, baina ekuadrotarrak ezin izan du, edo ez du nahi izan erreleborik eman. INEOS taldekoaren jarrera horrera horrek Pogacar beraren mesfidantza eragin du, eta bere susmoak benetakoak ziren, Carapaz-ek kilometro pasatxora jo baitu. Vingegaard geratu da, baina Pogacarrek eutsi dio. Carapaz-i utzi dio tiratzeko ardura, orduan, eta azken 100 metroan hanka batekin menderatu du Carchiko lokomotora. Vingegaard-ek berak ere aurrea hartu dio Carapaz-i. Hirukote horrek osatuko du Parisko podiuma, ezuste handiren bat gertatu ezean, eta merezita, hiru ziklista indartsuenak izan baitira. Pogacar, Vingegaard eta Carapaz, orden horretan.

Etapako lehen bi herenak etsigarri samarrak izan dira, maila apaleko ihesaldi bat sortu delako, txirrindulari indartsuagoak, igotzaileagoak sartzea espero zenean. 120 kilometroko ordekak, baina, igotzaile askoren kemena apaldu du. Anthony Perez tolosarrak iraun du gehien, helmugatik zortzi kilometrora. Nabarmentzeko modukoa Pello Bilbaoren jarduna, ausart, erasoa joz bederatzi kilometrora. Ondoren Esloveniako zirimolaren haizetea pasa zaio albotik, baina ederki iraun du zazpigarren postuan helmugaratzeko, 1.44ra. Gernikarra 10. postuan da nagusian, baina aurretik dituen Martin, Lutsenko eta Mas ahulxeago dabilzta, eta biharko etapan posturen bat aurreratzen saiatu behar luke bizkaitarrak. Galtzaileen artean Rigo Uran, podiuma asko zaildu zaiolako, eta Enric Mas, gaur ere atzera, eta oso garaiz, gainetik 12 kilometrora geratu baita onenen multzotik.

Bihar 18. etapa jokatuko da, Pirinioetako azkena. Pauen hasiko da, abiapuntu klasikoetan klasikoena, eta 130 kilometro eskas osatuta Luz Ardiden gainean bukatuko da, euskaldunon gailur mitikoa! Aurrez beste mendate mitiko bat gainditu beharko dute, ziur aski Tourreko mendate ezagunena: Tourmalet. Biharkoak argiagoa dirudi ihesaldirako, motz-motza delako, kontrolatzeko zaila. Euskaldunen baten eguna izango ote da? Fraile, Ion Izagirre, Pello Bilbao, De la Parte... ez dira urruti ibiliko!!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide