Jesukristo berpiztu da!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 6a, 20:00

Arg: Frantziako Tourra

33. garaipena lortu du Mark Cavendish-ek, Jesukristoren adin bera! Deceuninq-ek talde lan bikaina egin dio berriro, eta Morkov-ek oparitu egin dio ia-ia garaipena, 100 metrora abantaila handiarekin utzita buruan

Eddy Merckx-ek ez du sufrituko. Mark Cavendish cannibal-aren Tourreko etapa garaipen kopurua berdintzear dago, 34, baina ez omen dio inporta ingelesak bere marka hobetzea. Ez omen du maillot horiarekin 95 egun egingo, ezta bost Tour irabazi ere, eta lorpen horiekin harroago dagoela, etapa garaipen kopuruarekin baino. Baina sekulakoa egiten ari da Man uhartekoa. Sekulakoa. Hilabete batzuk atzera erretiroaren atarian ikusi genuen negar malkotan, ez zeukala talderik eta ez zuela errepidean jarraitzeko aukerarik ikusten. Patrick Lefevre-ek eman zion, lau sosen truke. Bueltatu dio, biderkatuta, diru apur hori. Cavendish-entzat, baina, dirua ez da garrantzitsua dagoeneko britainiarrarentzat, grina, gaitasuna, onenen pare jardutea baizik. Eta hor da. 3 etapa jada Tourrean, 33 denera Frantziako Tourrean, eta 154 bere kirol ibilbidean. Harrapazak / n.

Cav bikain, eta Deceuniq-Quick Step ere bikain. Perfekto. Denak baten mesedean. Izan haize-babesak sortzeko orduan, urdin maillot dunak denak buruan egurrean. Eta azken hiru kilometroetan, eskoletan erakutsi beharreko esprint prestaketa bat. Orain Alaphilippe, gero Declercq, hurrena Ashgreen, azken 500 metroetan Morkov, eta errematea helmugatik 100 metrora. Batzuetan Morkov-en eskuinetik, bestetan ezkerretik. Gaur ezkerretik, haizeak eskuinetik jotzen zuelako. Ezer ez da kasualitatea. Van Aert ezkerretik zetorren ziztu bizian, baina jabetu zenerako Cavendish-ek bizikleta erdiko abantaila zeukan eta akabo. Ikusgarri otsoen taldea, wolfpack famatua.

Haize-babesak izan dira eguneko gauza nobedoso bakarra. Bi laguneko ihesaldi antzua, eta zehar haizea azken 40 kilometroetan. A ze txistua buruan, ze borroka kokapen ona lortzeko, aurrekoaren gurpila ez galtzeko. Eta halere tropel erdia lo, edo ezinean. Faborito gehienak aurrean. Pogacar liderrak berak korteren bat edo beste pertsonalki itxi behar izan badu ere, atzean ez geratzeko. Bihar mendia bueltan berriro, ia 200 kilometro Sorgues eta Malaucene artean, eta igoera bikoitza Mont Ventoux ezagunera, Provenzako Erraldoira. Bigarrena oso gogorra, 15 kilometro luze eta %9ko batez-besteko pendiza ia. Ihesaldian sartzeko muturrekoak egongo dira hasieran, eta Ventoux-en litekeena da oilarrak gandorra tentetzea. Lastima ez duela bero handirik egingo, ziklista askok beroarekin sufritu egiten dutelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago