Tadej aise, Ben nagusi eta oilarrak zesuman!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 4a, 20:00

Arg: Frantziako Tourra

Ben O'Connor-ek etapa handia egin eta garaipen ederra lortu du Tignes-en, sailkapen nagusiko bigarren postua lortuz; Pogacar nahieran aritu da, eta aurkari guztiak oso justu doazela erakutsi du Alpeetako bigarrenak

Zalantza gutxi zegoen, Pogacarrena ez ote zen egun bateko erakustaldia izango, bigarrenean pattalxeago arituko ote zen... Ba ez. Aise ibili da etapa osoan, UAEko taldekideen babesean, eta nahi izan duenean bakar-bakarrik egin du martxa, kontrario guztiei ipurdia erakutsiz. Ez zeukan beharrik, baina egin du, eta behartu gabe, gainera. Hortz pare bat jaitsi, eta agur. Minutu erdiko errenta kilometro pare batean aurkari denei. Aurretik Ben O'Connor zeukan, etapa garailea, sailkapen nagusian bigarren jarriko dena, eta hura gehixeago urruntzeko ere joko zuen maillot horiak. Ia bi minutu jan dizkio Pogacarrek O'Connor-i azken bost kilometroetan.

Australiarra eguneko ihesaldian sartu da. 40 lagun baziren bertan. Gehitxo, denak modu pakeosoan bidea egin zezaten, eta seikote batek egin du aurrera: Poels, Quintana, Higuita, O'Coonor, Hamilton eta Rusty Woods. Mokoka aritu dira bata bestearekin, mendateetako puntuak lortzeko, eta horrek gerora kalte egin die hainbatei, atzean geratu direlako. Poels-i, adibidez. Woods ere atzera, eta Quintana eta Higuita? Bikain azken mendatea baino lehen igo dituzten guztietan, baina azkenekoan eskas, tabloi latza harrapatu dute bi kolonbiarrek. Harrapatu gabe ere lantegi zaila zuten gaur, O'Connor-ek erakustaldia eman baitu 20 kilometro luze zen azken igoeran.

Izan ere motibazio bikoitza zeukan Ag2R taldekoak: etapa garaipena, eta sailkapen nagusian ere podiumean sartzea. Eta biak lortu ditu. Igoera ikusgarria egin baitu Tignes-en. 7.12ko errentarekin ekin dio, eta onenen multzoko jendea mugitzen hasi denerako zortzi minutu pasa zituen. Alegia, UAE taldeak jarritako erritmoa baino azkarrago egin duela igoera, egun guztia ihesean egin eta gero. Quintanari sei minutu sartu dizkio O'Connor-ek, eta Higuitari 13, erabat jota kolonbiarra. O'Connor bigarren kokatu da orain sailkapen nagusian, Pogacar liderrarengandik 2.01era. Egiari zor, zereginik ez dauka liderraren aurka, baina podiumari eusteko errenta ona dauka. 3.17ra du Uran, 3.31ra Vingegaard, 3.32ra Carapaz eta 3.46ra Enric Mas. Asteazkenean, Mont Ventoux-en, eta Pirinioetan gaur ematen duen maila ematen badu, kosta behar zaie atzetik dituenei O'Connor gainditzea.

Bihar lehen atseden eguna izango dute Tourrean. Batzuk ohetik jaiki ere ez dira egingo astelehena, asteburua bezala, eguraldi bustiarekin esnatzen bada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago