Tourra

Tadej eta Mathieu, Mathieu eta Tadej SA

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko eka. 30a, 18:14

Tadej Pogacar. / Argazkia: @LeTour

Ikaragarria egin du Pogacarrek lehen erlojupekoan, eta diferentzia mamitsuak atera aurkari guztiei. Van der Poel ere bikain aritu da bakarka, eta maillot horiari eutsi.

Liderra dago, eta lider handia. Iazko erakustaldia kasualitate izatearen susmoa bazegoen, akabo zalantzak. Pogacar erlojupekoan ikaragarri dabil, beste inor baino gehiago, eta maldan gora ere gutxi, ale batzuk baino ez dira UAE taldekoa aztean uzteko. Matxinen mutilak sekulako astindua eman dio sailkapen nagusiari, txikitu egin ditu aurkari guztiak erlojupekoan, eta oilar arriskutsu denak minututik gorako atzerapenera ditu dagoeneko.

"Hemen nago" esan du, eta mezu garbia helarazi kontrarioei: 32 kilometroko beste erlojupeko bat dago Parisera iritsi bezperan, eta han ere beste minutu bat edo minutu eta erdi galduko duzue. Pogacarrek 44 segundo sartu dizkio Roglici, 55 Porteri, 1.18 Thomasi, 1.44 Carapazi eta 2.08 Miguel Angel Lopezi. Nagusia ere ikaragarri zabaldu da. Mathieu Van der Poelek eusten dio horiari, baina hori ere UAE eta Pogacarren mesede. Esloveniarrak 1.29ra du Uran, 1.44ra Carapaz, 1.48ra Roglic, 1.54ra Thomas, 2.35era Gaudu eta 5.20ra Miguel Angel Lopez. Tarteak dira.

Lasterketako panorama ere UAEren mesedean, INEOS, Jumbo eta Movistar baino talde apalagoa baitu. Van der Poel eta Alpecin-Fenix taldea maillot horiari eusten saiatuko dira bihar eta etzi, eta desgastea pilatzea saihestu Josean Matxinen taldeari. Larunbatean bestelako kontua izango da. Orduan sua sortuko da, Alpeetako lehen gailurretan, eta hor ikusiko da UAEk eraso erauntsia kudeatzeko daukan gaitasuna, indarra, egokia den. Pogacarren erakustaldiak, nagusitasunak, desabantaila hori du berarentzat: beste guztiak bere aurka egingo dutela, bakarkako lanean irits ezina delako. Lidergoa, faboritismo hori kudeatzen asmatu beharko du Pogacarrek, baina batez ere Matxin bere kirol zuzendariak.

Erlojupekoaz gauza gutxi. Mikkel Bjergek hautsi zuen kronoa aurrena, baina ondoren lehen hamarretan ere ez zen sartu. Stefan Kungek ere lan ona egin zuen, baina ondoren garaipenetik urrun geratu zen. Pogacarren irteerak eta tarteko bi erreferentziek erakutsi dute esloveniarra hegan zihoala, eta hala izan da bukaeran ere. Diferentzia handiak egin ditu, ordu erdi pasako lanean. Handiak. Pauso polita eman du, baina orain denak bere kontra jarri ditu. Jakingo zuen, dena den, hala izango zela. Eta gaur bezalako sasoiari eusten badio, lasai egongo da. Beste guztiek bera dagoen posizioan egin nahiago lukete, duten atzerapenarekin egon baino.

Bihar esprinterrentzat azken aukera, puska batean. Seigarren etapa, Tours-Chateauroux, 160 kilometro eta laugarren mailako muino bat baino ez, bidean. Cavendishen bigarrena izango ote?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago