Zaharrak berri, Cav!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko eka. 29a, 17:53

Arg: Frantziako Tourra

Mark Cavendishek bere ametsa bete du; Tourrera itzuli, eta etapa bat irabazi, erretirotik oso gertu egin ostean; Lan bikaina egin diote Wolfpack Deceuninq taldeko kideek.

Errukirik ez du ezagutzen ziklismoak, eta are gutxiago Tourrak. Bret Van Moer flandestarrak enbidoa bota dio tropelari, eta hordagoa izateko zorian izan da, helmugatik 100 metrora harrapatu baitu majo sufritu duen pelotoiak. Halakoetan ez du huts egiten multzo nagusiak, kalkulagailua erabiltzen iaioena da, baina Van Moerrek dinamita dauka hanka zuztarretan, eta muga-mugan ibili da. Eta esprintean Man uharteko gizona azkarrena, Mark Cavendish. Erretirotik podiuma bueltatzetik baino gertuago egon zen iaz Cavendish, depresioak jota agur esatetik gertu, baina gutxieneko soldata jasota lekua egin zion Patrick Lefevre managerrak denboraldi hasieran, eta Sam Bennett-en hutsuneari distira atera dio britainiarrak. Bere 31. etapa garaipena da Tourrean, 151. bere kirol ibilbidean, eta Tourrean lehena irabazi zuenetik 13 urte pasa dira, 2008an.

Erabakigarria izan da Deceuninq taldeak, Wolfpack edo otso taldeak Cavendish-entzat egin duen lana. Hasi De Clerq mandoarekin, Ashgreen-en bolborarekin hanka zuztarretan, eta Alaphilippe-ren azken ahalegina helmugatik kilometro pasatxora zegoen 200 metroko aldapan. Han jan dizkiote 8-10 segundo Van Moer-i. Azken kilometroan Morkov-ek hartu du ardura, tropeleko esprint bideratzaile onena, eta garaipenak ia-ia eginak ematen dituen langile fina. Cavendish-ek oso berandu ekin dio esprintari, Van Moer saihestu behar izan duelako azken unean, baina ondo irabazi du, Bouanni eta Philippsen-en aurretik.

Erorikorik ez da izan tropelean, eta gaitzerdi. Tropelak halako protestalditxoa egin du hasi eta berehala, baina epela izan da. Minutu pare bat egin dituzte geldirik, atzoko ailegaera bihurria eta arriskuagatik protesta egiteko, baina alferrik. Tourrak halako ekintzak munstro bat bailitzan irensten dituelako, eta azken finean, etapa bukaeretako arriskuan tropelak berak erantzukizuna daukalako. Denek nahi dute denak sartzen ez diren tokian egon, eta horrek, noski, ondorioak ditu.

Bihar Tourreko lehen etapa erabakigarria jokatuko da, 27.2 kilometroko erlojupekoa Laval-en. Gorabehera batzuk baditu, baina egurra emateko aproposa da. Ikuskizun zer ematen duen Pogacar eta Roglic-en arteko buruz burukoak, batez ere Roglic-ek gorputza erabat mallatuta daukalako, atzoko erorikoaren ostean. Etapari begira Wout Van Aert aipatzen da faborito gisa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago