Bolo txapelketa!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko eka. 28a, 18:02

Arg: The Cicle Collective

Erorketa asko eta larriak gertatu dira hirugarren etapan, eta Merlier-ek anabasa baliatu du etapa irabazteko; Thomas, Roglic, Demare, Ewan, Sagan... Tropel erdia erori da!

David Guenel twitter sare sozialetan txirrindularitzaz idazten duen kazetari frantziar ezagunak jarritako txioa da, etapa bukatu eta berehala: "Tristea da Tourreko diferentzia handienak erorketen ondorioz izatea". Eta hala da, hirugarren etapa bolo txapelketa baten parekoa izan delako. Bolarik gabeko txapelketa, baina bolaz mozorrotutako txirrindulariz betetako tropela, panpinen moduan jausten zirenak. San Ferminetako entzierroetan zorua hezetuta dagoenean joaldunak lurrera nola, hala erori dira asko. Tartean Tourra irabazteko hautagai bi, Thomas eta Roglic. Esloveniarrak 1.21 galdu du helmugan (Miguel Angel Lopezek ere bai), eta Pogacarrek, jausi ez bada ere, 26 segundoko atzerapena pilatu du, Thomasen atzerapen berbera.

Esprinteko erorikoa izan da denetan ikusgarriena, dena den. Anabasan Merlier etapa garaileak ekin dio esprintari, 150 metrora. Jasper Philippsen zen bere atzetik, eta haren atzean Caleb Ewan. Ewan-ek ezkerrera egin behar izan du Philipssen gainditzen saiatzeko, baina lehen pedal kolpean Philippsen-en atzeko gurpila ukitu, desorekatu eta arrastaka joan da, bere atzetik zihoan Peter Sagan ere lurrera botata. Batzuei galdutako denborak emango die buruko mina, oinaze fisikoek baino gehiago, baina Ewan-en muturrekoa ere ikustekoa izan da. Ikuskizun biharko egunean ze gorputzaldi izanen duten Thomasek, Roglicek edota Ewanek berak.

Eztabaida ere piztu genezake, baina alferrik. Esprintean bukatuko diren etapetan denbora bera eman behar litzateke helmugatik 10 kilometrora, nagusia irabazteko borrokan ari direnak babesteko? Erraza ez, kilometro horietan ere Tourra bera jokoan delako. Denek sartu nahi dute aurrean, ziurrago, seguruago joaten delako, baina 200 laguneko tropela ez da sartzen errepide estuetan. Are gutxiago anrolakuntzak hiruzpalau metro zabaleko errepide estuak sartzeko joera baldin badauka. Horrek xarma ematen dio lasterketari, autobide zabal eta aspergarriak baina gehiago bai, baina hainbeste errepide estu eta gaizto ere... Hausnartzeko modukoa!

Ezer ez zeukan etapak askorako eman du. Eta emango duena. Bizikletan ibili denak jakin bai baitaki erorketa baten albo kalteak mingarriagoak direla jausi osteko hirugarren egunean, bigarrengoan baino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago