Frantziako Tourra 2020

Tourreko notak... eta beste

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 26a, 12:00

Mikel Landa txirrindulari murgiarra 4. postuan amaitu du Tourra. / @BahrainMcLaren

Tourra bukatu da, Tourra sakratua da, vive le Tour! Ikusi eta bizitakoaren bilduma egiten saiatuko naiz leihotxo honetan. Aurrena, notak, xehe-xehe, azalpen laburrekin, eta ondoren beste hainbat ñabardura.

10: Pogaçar: Bi itzuli korritu ditu: hirugarren Vueltan, garaileTourrean, sei etapa bietan, mendia Tourreaneta gazte onena bietan. Astelehenean 22 urte egin zituen. Ikusgarria.

9: Jumbo Vista: Dena kontrolpean eduki dute. Gehiegi. Izarrak morroi lanean… baina Tourrak ihes egin die.

8: Sunweb: Talde onena, hiru garaipen eta estrategia aparta.Hirschirekin bat, eta Andersenekin beste bi.

7: Porte: Lehen podiuma Tourrean bere argia itzaltzen hasi denean. 35 urte. Merezitakoa.

6: Landa: Laugarren. Sendo bukatu du. Top 10eko hautagai fidagarria da, baina podiuma urrun samar izan du, eta maillot horia ezinezko.

5: Roglic: Azken egunean kale, baina fenomeno baten aurka. Kostako zaio jaikitzen.

4: Lopez eta Astana: Porte urruntzeko estrategian parte ez hartzea erabaki zuten, eta podiuma joan zaie horren erruz.

3: Quintana / Pinot / Bardet / Bernal / Aru: Ez dute neurririk eman, eta izar soldata jasotzen dute.

2: ASO Tourreko antolatzailea: Ibilbideak erlojupeko bat behar du lehen erdian,atzerapena pilatzen dutenek erasotzeko beharra izan dezaten. Etapa asko zozoak eta aspergarriak izan dira.

1:Valverde: Top 10a nahi zuen. Ez du egin, eta ez da azaldu. Bukaera tristea. Agian bere azken Tourra izango da.

0: Jumbo taldeko kide batzuen harropuzkeria: Martin, Van Aert, Kuss… Indartsuago zarenean ere lankideak errespetatu behar dira.

Eta orain ñabardurak. Mikel Landa protagonista, nola ez. Landismoa Euskal Herriko eta haragoko bazterretara barreiatu da Murgiakoaren jarrera erasokorraren babesean, eta haiei kontra egiteak purrustada dezente sortzeko arriskua du. Ni ez naiz antilandista. Berriro esango dut. Ez naiz antilandista, ikaragarri gozatzen dut Landak bizikleta helduleku azpitik hartu eta egurrean hasten denean maldan gora. Nork ez? Baina irin guztiak ez dira zuri. Auzitan jarri dut Landa ez dela podium ziklista itzuli handietan, eta datuak eman hori argitze aldera. 13 itzuli handietan podium bakarra egin duela, argudio sendoena. Hori, gainera, 2015eko Giroan, duela bost urte.

Hiru asteko probetan erregularra izateak ez baitu nahi esan Landa podium ziklista denik. Ez baita. Falta zaio koska bat, eta batez ere Tourrean. Arazoa txirrindulariak berak Tourrean zeukan helburua podiuma eta akaso maillot horia zirela saldu zuela da. Eta behin eta berriz, lau haizetara. Atzo txiozale batek: "Eta zer esatea nahi duk ba? Top 10a egin nahi duela? Anbizio handikoa izan beharko dik ba".

Anbizio handikoa edo errealista, hortxe koska. Landista aitortu batek esandakoa, plaza honetara: "Landa beti kale egiten duen txirrindulari hori da, baina inoiz dezepzionatzen ez duena". Bikain esana! Eta azken ñabardura. Erasotzaile peto sona duen ziklistak eraso bakarra jo du Tourrean. Bat. Bestelakoan eutsi.

Zalantza bat, bukatzeko. Ez ote da Landa ausarta, erasotzailea itzaltzen ari itzuli handietako nagusian postu onak lortzeko egoskorkeriagatik?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago