Frantziako Tourra 2020 | 21. etapa

Sam Bennett gezi berdea Parisen

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 20a, 20:04

Ohi bezala, Parisen amaitu da 2020ko Frantziako Tourra. / @LeTour

Irlandarrak aise irabazi du bere bigarren etapa Tourrean, Eliseoko Zelaietakoa bere kirol ibilbideko garrantzitsuena, maillot berdearekin batera. Pogaçar, Roglic eta Porte, podiumean.

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / Festa eguna Parisen. 122 kilometro, entrenamendu lasai bat hanka zuztarrak oso zigortuta dituztela iritsi diren protagonista guztientzat. Lehen erdian omenaldiak garaile guztientzat: Pogaçar, Roglic, Porte, Sam Bennett erregulartasunaren jabe... Behin Parisko bihotzera iritsita, egurra, eta ohiko zaldiak tropelaren diktadura saihestu nahian.

Urrun iritsi dira Van Avermaet, Xakmann eta Perichon, helmugatik lau kilometrora harrapatu baitituzte. Eta han Deceuninq taldearen trenoarentzat protagonismo guztia. Wolfpack edo otso taldea, eurek esaten dioten moduan. Julian Alaphilippe taldekideen alde sakrifikatzen, aurrena. Kasper Ashgreen ondoren, eta Morkoventzat azken erreleboa. Ikaragarria Morkov-en bideratzaile jarduna, oso eraginkorra. Bennett-ek eman behar zion errematea eta ez du hutsik egin. Aise menderatu ditu Pedersen eta Sagan, eta bizikleta bateko aldearekin helmugaratu da garaile, poz orru artean.

Esloveniar izar gaztearen txanda da orain. Podiumera igo eta parrandatxoa botatzeko. Bihar 22 urteko beteko ditu. Berdin Roglic eta Porte beteranoarentzat. Bihar etaparik ez dago. Jai egingo dute denek. Ostegunetik aurrera Munduko Txapelketako probak, eta urriaren 3tik aurrera Giroa. Txirrindularitzak ez du atsedenik hartuko. 

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Andoni Urbistondoren jatorrizko kronika hemen duzue ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago