Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / Tourrak datorren belaunaldi berriaren distira berretsi du. 21 urteko mutikoak, Tadej Pogacar esloveniar gazteak irabaziko du Tourra bihar Parisen. Remco Evenepoel, Wout Van Aert, Mathieu Van der Poel eta besteren eskutik, UAE taldekoa Tourreko historia aberatseko bigarren garailerik gazteena bilakatuko da, eta txapeldun handiek egiten duten moduan egin du. Azken egunean sekulako erakustaldia eman eta aurkari guzti-guztiak aho bete hortz utzita. Pogacarren erlojupekoa ikaragarria izan da, batez ere igoerako tartean. 30 kilometroko zati lauan Tom Dumoulin herbeheretarraren pare ibili da, baina azken sei kilometroetan hegan egin du Pogi-k. Datua oso oso deigarria da. Minutu eta erdi sartu die aurkari denei, hasi erlojupeko aparta egin duten Dumoulin eta Van Aert-i, edota Roglic-i. Richie Porte izan da salbuespen bakarra. Australiarrak ere bere kirol ibilbideko erlojupekoa egin du, itzuli handi batean lehen aldiz podiumera igotzeko grinak hauspotuta, eta Pogacarrek baino minutu erdi gehiago bakarrik behar izan du bere lana osatzeko.
57 segundo zituen Roglic-ek egurrean hasi aurretik. Azkar ikusi da Pogacar denbora jaten ari zitzaiola, baina liderrak hainbestean eutsi dio. 20 segundo 15. kilomeroan, minutu erdia azken aldapa hasi aurretik. Pentsatzekoa zen Pogacarrek agian gehitxo estutu duela ordekan, Roglic urduritzeko, eta gehiegizko ahalegin hori ordain zezakeela azken mendatean. Usteak erdi ustel. Ordekan oso txukun eta mendian ziztu bizian. Lehen kilometroa osatzerako maillot horia berreskuratu du, eta hortik aurrera Roglic bere ezinean ito da. Izerdi tantak kopetetik bera nola, hala jaitsi da Roglicen atzerapen segundo zenbaketa. Ez da zalantzarako zirrikiturik txikiena egon. Bat, Pogacar, Ducati baten gainean zihoan. Bestea, Roglic, scooter kaskar batean. Eta helmugan, aspaldi jakina zena. Pogacar eta UAE dantzan, eta Roglic asfaltoan lur jota. Segundo batzuk lehenago, Tourreko argazkietako bat. Dumoulin eta Van Aert Roglicen taldekideak Pogacarren helmugaratzea ikusten, ikusten ari zirena sinetsi ezinik.
Eta unerik kritikoenean, beste argazki bat. Laguntasunarena. Elkartasunarena. Pogacar-ek Roglic kontsolatu duen unea. Tour gehientsuena goitik behera menderatu duen beteranoak ikaragarrizko kolpea hartuko duelako, gaurko porrotaren ondotik. Ezustekoa sekulakoa da, sekulakoa. Beste hainbat ondorio ere utzi ditu azken aurreko etapak. Richie Porteren podiuma, bere kirol ibilbidearen bukaeran. 35 urterekin Eliseoko Zelaietako podiumera igoko da, bere kirol lorpenik handiena. Txukun, era berean, Mikel Landa, bosgarren postua babesteaz gain laugarrena irabazi baitu, Miguel Angel Lopezen mesedean. Kolonbiarrak osteguneko etapako zurkeria ordaindu du, eta podiuma ziur samarra zuela bazirudien ere, azkenerako seigarren postuan amaituko du.
Pogacarrek dena eman du:etapa, Tourra, gazte onena, mendiko mailllota ere bai... Astelehenean 22 urte beteko ditu. Bihar Parisen botako duten parranda txiki geratuko da gaur Les Planches des Belles Filles-en egin duen balentriarekin alderatuta.
Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Andoni Urbistondoren jatorrizko kronika hemen duzue ikusgai.