Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / Ez nuke harroputz itxura eman nahi, baina esango nuke termino horren genesian egon nintzela bospasei urte atzera, Jon Altuna Euskadi Irratiko lankidearekin batera, txirrindularitzaz izaten genituen solasaldi luzeetan. Landa Astana taldean zegoen garaiak ziren, 2015a, oker ez banago. Silvio Martinellik Giroa lapurtu zion Giro hura, Fabio Aruren mesedetan…
Han puxika bat puztu zen, eta airea gordetzen du oraindik bere barruan. Batzuen begietara orduko aire bera du puxika horrek. Nire begietara puxika erdi hustuta dago. Arabarraren lorpen eta jarrera erasokorra goratu den azkartasun berarekin isilarazi, edo geratu baitira ezkutuan bere akatsak, bete gabeko espektatibak. Eta horrek kolokan jartzen du kazetari jardunean eduki beharko genukeen inpartzialtasuna. Zale gisa subjektibotasuna guztiz baimendua dago. Kazetari gisa… ez luke behar.
Beste twitter zale batek Landa Atletico Madril futbol taldearen antzekoa dela esan zidan. 'Pupas' esaten diote gazteleraz. Alegia, azienda ahulari dena eltxo bilakatzen zaion kirol taldea. Landari itzuli handietako podiumengatik lehiatzeko iragarpena egin zitzaion, baina errealitateak ez du gezurrik esaten. Podium-ak gertu ez, urrun izan ditu Murgiako kakalardoak. 14. itzuli handia du hanka zuztarretan Tour honekin Landak, eta podium bakarra egin du. 2015ean, bost urte atzera. Egia da azken hiru Tourretan erregularra izan dela, denetan Top 7an: laugarren 2017an, zazpigarren 2018an, eta seigarren iaz. Landa berak ere, kirolari guztiek bezala, handikiro plazaratzen ditu bere helburuak. Podiumaz mintzatu zen Nizan, Tourreko helburuaz galdetuta, eta ez zuen maillot horia lortzeko borrokan murgiltzea baztertu. Gehitxo? Bai. Sinetsi, edo ez, norberaren hautua…
Tourreko lehen erdia bete da. Haize-babesen zepo batean trabatu zen Landa, baina asteartekoa arrakastatsu libratu zuen. 10. da sailkapen nagusian, 1.42ra, eta mendi asko geratzen da. Bere terrenoa! Tourreko bospasei onenen sortan dago Landa, baina arriskatu egin beharko du, gainsariek kalte egingo dietelako, eta Pirinioetan oso segundo gutxiko aldea egon delako oilarren artean. Gainera, Les Planches des Belles Filles-eko kronoigoeran minutu eta erdi eta bi minutu artean gal ditzake faborito askorekiko. Nire pronostikoa? Podiuma ia ezinezkoa dela. Roglic, Bernal eta Pogacar Landa adina dira, eta hirurak Murgiakoa baino hobeak dira erlojupekoan. Landismoak, baina, logika eta aurreikuspen oro hauts dezake, beraz esperantza!!!
Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Andoni Urbistondoren jatorrizko artikulua hemen duzue ikusgai.