Frantziako Tourra 2020 | 10. etapa

Tentsioa ertzean geratu da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 8a, 18:48

Esprint garbia izan da, eta Sammy Bennett-ek meritu handiko garaipena lortu du. / @LeTOUR

San Bennett irlandarra nagusitu da Saint Martin de Re-ko esprintean; haize-babes arriskua horretan geratu da, arriskuan, eta ez da kalteturik izan.

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / 47. garaipena du San Bennettek lortu berri duena. 47!!! Eta noski, Saint Martin de Re-n lortutakoa bere kirol ibilbideko garrantzitsuena. Hainbesterako, irlandarrari malkoak jausi zaizkiola garaipenaren osteko elkarrizketan. Bennett azken orduan sartu zen Deceuninq taldeko zortzikoan, eta zalantza horiek kolpe bakarrean uxatu ditu. Morkov bideratzaileak lan aparta egin dio Bennett-i, eta Caleb Ewan-ek estutu badu ere, garaipena lortu ahal izan du Bennett-ek.

Etapa esprintean erabakiko zela jakina zen, eta haize-babesak gerta zitezkeela ere bai. Arroxela inguruko kostaldean egin du bidea etapak, eta jakina, kosta partean, beti haizea. Gehiago edo gutxiago, baina beti haizea. Eta haize-babesekin, urduritasuna, eta erorketak, denak ez baitira kabitzen toki berean. Asko gertatu dira. Pogacar eta Guillaume Martinek kolpeak hartu dituzte, baina garaiz osatu dira, tropel nagusira iristeko. Etapa hondarrean, Re uhartera daraman hiru kilometro luzeko zubian, tentsioa berriro. INEOS saiatu da, Jumbo Vista ere bai, baina haizeak ez zeukan indar nahikorik, eta ez da haize-babesik gertatu. Esprint garbia izan da, eta Sammy Bennett-ek meritu handiko garaipena lortu du.

Eguerdian Covid-19a atzemateko 650 PCR proben emaitzak eman ditu ASO antolakuntzak, eta lau izan dira positibo, inor ez txirrindularien artean. Bitxikeria modura, ASOko burua, Tourreko Christian Prudhomme ugazabak positibo eman duela. Etxean dago, dagoeneko, bakartuta.

Telebistaz jarraitu beharko dugu biharko etapa, hamaikagarrena, Chatelaillon Plage eta Limoges artean. 167 kilometro eta garaipena berriro esprintean erabakitzeko itxura. Limoges hiriko kaleetan bada tranparen bat edo beste, beraz ezustekoren bat gerta liteke.

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Andoni Urbistondoren jatorrizko kronika hemen duzue ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago