Frantziako Tourra | 6. etapa

Merkealdien Tourra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 3a, 18:27
Alexey Lutsenko kazakhstandarrak irabazi du Mont Aigoual-en. / @LeTOUR

Alexey Lutsenko kazakhstandarrak irabazi du Mont Aigoual-en, tropeleko oilarren lasaitasuna baliatuz.

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / Merkealdiak Tourrean. Bigarren aukerako lasterketa ere esan genezakeela. Oso Tour pobrea ikusten ari gara eta azken mendatean ikusi zenak zer hausnartua eman beharko lieke askori. INEOS Grenadier jarri zen tropel buruan tiratzen etapako mendate gogorrenean, baina ez aurkariak estutu edo Bernalen erasoa prestatzeko, kolonbiarra fin ez dagoela-eta hura babesteko asmoz baizik. Ihesaldiko ziklistek errenta handitu zuten etapako 7. kilometroan ihes egin ondoren. Tropel nagusian 70 lagunek eutsi zioten erritmoari, eta Fabio Aruk ere minutu erdiko aldea lortu zuen tropeletik erasoa jo ondoren.

INEOS-ek taktika defentsiboa darama, eta britainiarrak bezain oker ibili ziren beste taldeak, ez baitzuten Bernal benetan ahuldadeak jota doan jakiteko erritmo aldaketarik egin. Eta atzokoa pasata iazko garaileak sasoi puntu ona berreskuratzen badu zer? Jumbo, UAE, Bahrain, Michelton eta beste damututa izanen dira. Ontzat eman baitzuten INEOS-ek Bernal babesteko taktika. Hirugarren asteaz mintzo dira denak, eta astebete pasa da, dagoeneko. Denak gordetzen. Denak esperoan. Noiz arte baina? Tourra, momentuz, erabat etsigarria izaten ari da.

Tropelaren axolagabekeriak garaile argi bat izan zuen: Alexei Lutsenko. Beste zazpi lagunekin egin zuen ihes zazpigarren kilometroan. Bost minutu lortu zituzten, baina etapako zati gogorrena hasi zenerako hiru minutu baino ez zeramatzaten. Garaipena tropelean zegoen oilarrak mugitu izan balira, baina ez ziren mugitu!!! Gordetzeko garaiak dira... Eta zaleok aspertzeko. Lutsenko eta Astana zaleak izan ezik.

Bihar seigarren etapa. Merkealdien beste atal bat, ziur, esprinterrentzat oso egokia baita etapa. Asteburuan Pirinioak. Sagarrondoa astinduko al du norbaitek? Otoi...

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Andoni Urbistondoren jatorrizko kronika hemen duzue ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide