Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / Bost orduko siesta eta 10 segundoko emozioa. Horixe eskaintzen dute gatzik gabeko Tourreko etapek. Esprinterren taldeek lasterketa blokeatzen dute, ihesaldia txikia izan dadin. Jumbo Vista eta Tony Martin poliziak ere bai. 10-12 laguneko ihesaldiak lan egiteko beharra eragin baitezake. Ondorioa? Hiru laguneko ihesaldi antzua, etapa hasi eta berehala. Kitto.
Tropelak dena kontrolpean, eta aurrekoak maillotak lortzeko borrokan. Anthony Perez eta Cosnefroy aritu ziren mokoka, eta Cousin begira. Perezek eskura zeukan maillota, baina zulatu, autoaren zain geratu, gurpila aldatu eta jazarpen betean jausi egin zen, lepauztaia hautsi eta etxerako bidea hartuz. Zoritxarra!
Cousin aise harrapatu du tropelak eta etapak hiru garaile izan ditu azken 100 metroetan: Sagan, Bennett eta Ewan. Australiarra 1 formulako autoan joango balitz bezala, ezker-eskuin, kontrolik gabeko kohete bizi bat bezala. Poltsikoko kohetea, australiarra.
Bihar 4. etapa, Sisteron-Orcieres Merlette. Gutxiago aspertuko ote gara, bukaera zazpi kilometroko mendatea baita.
Kronika hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Andoni Urbistondoren jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.