Andoni Urbistondo (Aiurri.eus). / "Nizako etapa irabazi nahi dut", esan zuen Julien Alaphillipe-ek Tourra hasi bezperan. Esan eta egin. Gaitasuna behar da gero, agindutakoa betetzeko. Eta konfiantza. Denek zekiten mosketariak erasoa jo, joko zuela, baina hari segitzeko indarra behar da. Eutsi zioten Hirschik eta Adam Yates-ek, baina azken zuzengunean aise menderatu zituen Julien txikiak. Txikia bai, baino eskasa ez.
Bestelakoan etapak gutxi eman du, espero zenerako. Akatsa asko espero zuenarena da, noski. Txirrindularitza bizia, erakargarria, mugimenduz betea txirrindulariek egiten baitute. Jarri nahi adina mendate, tranpa, errepide gaizto. Txirrindulariek nahi ez badute jai dago. Gerta liteke zenbaitek nahi izatea, baina hori nahi ez duenak ez uztea. Alegia, Jumbo Vistak daukala aginte makila, eta Herbeheretakoek dena kontrolpean eduki nahi dutela. Lasterketa lokartuta eraman nahi dute, euren talde buruek eroso eramateko, sobera sufritu ez dezaten. Bidezkoa da hori, noski, baina zehar kaltea agerikoa da. Inor ez da mugitzen tropelean, Jumvo Vistak denak izututa dituelako. Ibilbidea, egon, bazegoen, saiatzeko, zerbait bilatzeko. Mugitzeko, azken finean. Colmiane eta Turini, lehen mailako bi mendate luze, tenteak. Tour mendateak, euren jaitsiera arriskutsuekin, baina berdin dio. Atzo euriak eta errepide irristakorrak mugatu zuten ausardia. Gaur Jumbo Vistak. Eta itxura, antzera izan daitekeela etapa askotan. Indartsuena denak nahi duena egiten baitu.
Etapan, ihesaldi antzu bat, berriro. Zortzi lagun, batere aukerarik gabe, bukaera klasiko zaleentzat aproposa baitzen. Nahi gabe harrapatu zituen tropelak, 100 kilometro tropelaren aurretik joaten utzi ondoren. Col d'Ezen gora lehen berotua. Devenyns Deceuninq taldekoak aurrena, egurra, Alaphilippe mosketariarentzat. Gesink gero, Van Aertentzat. 50 lagun, tropelean. 7 kilometroko aldapan triskantza handi samarra. Bigarrenean, Cuatre Camins-en, sua. Jungelsen astindua, eta Alaphilippe-en eraso bortitza. Mark Hirschi suitzarrak bakarrik eutsi dio, lehen kolpean, eta Adam Yates-ek ondoren. Hkruotea pasa da Cuatre Camins gainetik 15 segundoko aldearekin, eta helmugan Alaphilippe eroso antzean nagusitu da esprintean. Lider ere jarri da, frantziarra.
Bihar hirugarren etapa korrituko da, Niza-Sisteron, 200 kilometro luze. Ibilbide gorabeheratsua lehen erdian, laua bigarrenean, esprinterrentzat aproposa. Bihar Jumbo Vistak ere siesta egin nahiko du, asteburuan zale askok egin duten/dugun bezala.
Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.