Aukera bikaina galdu du Pello Bilbaok, Pirinioetako lehenengoan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 18a, 17:50
Tropela mantso ibili da gaurkoan. / LE TOUR

Oilarrak mugitu ere ez dira egin, biharko erlojupekoaren eta Ineos taldearen beldur.

Lastima, baina atarian geratu da Pello Bilbao. Ez du gaurko etapakoaren tamainako beste aukera onik edukiko, agian, baina Tourra Tourra da, eta Frantzian aurkari guztiak ikaragarri ibiltzen dira. Simon Yates eta Muhlberger baino azkarragoa da Bilbao, berez, baina etapako nekea erabakigarriagoa izan da. Yates, hiruretan abiaduraz hankamotzen dabilena izan da nagusi, ziur aski osoen britaniarra iritsi delako. Hala ikusi zen Hourquette d'Ancizan maldan, lauzpabost eraso jo baitzituen bakarrik martxa egiteko, baina lortu gabe. Bigarren postu bat ez da txarra, baina garaipena hain gertu edukita, buruko jan dezentea izango du gernikarrak. Etapa bukatuta, Bilbaok nahiko justu iritsi zela aitortu zuen kazetarien aurrean.

Etapako lehen ordu eta erdian ikaragarria izan zen erritmoa. Mila ihesaldi ahalegin, denak antzuak, azkenean 40 lagunek aurrera egin zuten arte. Deceuninq-ek martxa bizia jarri du tropelean, inork ulertu ez duen arrazoiren batengatik. Bost minutu lortu ditu lasterketa buruak Peyresourde hasterako, baina gero tropelak patxada ikaragarriarekin igo zituen Peyresourde, eta baita Hourquette, eta aurrekoek garaipena ziurtatu dute, estutasunik gabe.

Eta tropela... Tropela geldirik. Beldurra? Nekea? Batek daki, baina asko espero zen etapa erabat aspergarria izan da, oilarrak ez direlako mugitu. Litekeena da biharko erlojupekoaren beldur egotea asko, gaurko ahalegina ordain dezaketelako bihar. Edota Ineos taldea bere onera bueltatu dela, eta Luke Rowe morroskoak bere kabuz kontrolatu duela Ancizan mendateko erritmoa. Bat edo beste, sailkapenean denbora galdua duten askok aukera ona galdu dute, eta tartean Landa edo Fulgsang. Saiatu ere ez baitira egin, eta saiatu gabe, ezin jakin aurkariak nola dauden. Batek daki Tourrak ze ekarriko digun hurrengo egunetan, baina bakarren batek faltan bota ditzake gaurko mendiak epe ertainean.

Batez ere bihar Ineos-ek hilzorian utz dezakeelako Tourra. Geraint Thomas-ek Tourrari sekulako astindua eman diezaioke, eta aurkari gehienak bi edo hiru minututik gorako atzerapenera utzi. Horrek are gehiago blokeatuko du lasterketa, eta Ineos taldeko morroiak euren maila berreskuratzen badute... akabo! 27 kilometro ditu Paueko erlojupekoak, eta nahiko gorabeheratsua da, espezialista petoentzat baino, txirrindulari indartsuentzat.

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide