Erdikaldeko Mendikateak bere galbahea egin du, haize babesak sortuz; Van Aertek garaipen bikaina lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 15a, 17:35
Helmuga marran erabaki da gaurko etapako irabazlea. / LE TOUR

Inork gutxik espero zuenean, tropela mila zatitan txikitu da; Landak 2.09 galdu du, eta podiumari agur esan, ia-ia.

Siesta etapa zirudien, baina Tourreko erabakigarrienetakoa izan daiteke, Albira bidean saihetseko haizeak haize-babesak eragin dtu eta tropela mila zatitan txikitu. Kaltetuak, asko: Pinot, Fulgsang, Rigoberto uran... eta Mikel Landa, auto bat saihesten saiatu eta lurrera joan baita 19 kilometroren faltan. Erbiti eta Oliveira taldekideak laguntzera geratu dira azkar, baina Murgiakoak 2.09 galdu du helmugan, eta podiuma lortzeko erronka asko zaildu zaio. Baita Pinot eta Fulgsang-i ere, Landak baino minutu erdi gutxiago galduta ere (1.40). Eta garaile nor? Team Ineos, nola ez, beti erne lasterketa buruan, Thomas eta Bernal ezin hobe babestuz. Eta haien ondoan Kruswijk, Dan Martin eta Nairo Quintana, helmugan tropel azkarrenarekin.

Bost lagun ihesean hasieran, Schar seigarrena ondoren. Broma gutxi. Tropelean Bora Hansgrohe egurrean, Saganentzat etapa bilatzen. Hiru minutu azpitik beti. Helmugatik 60 kilometrora alarma. Tony Martin tropela lerratzen, jendea kabitu ezinik eta haustura. Urduritasuna, erorketak... eta atzean geratzen denak, nahi eta ezin, eta aurrean doazenak hegan helmugarantz. Kontuak kontu, zorte txarrat zorte txar, Landak dagoeneko hiru minutuko atzerapena dauka Thomasekiko, eta bostekoa edo gehiago bihur daiteke ostiraleko erlojupekoa eta gero.

Etapaz, Wout Van Aert izarraren distira, proba entzutetsu batean. Mathieu Van der Poel eta bera txirrindularitza hankaz gora jartzen ari dira denboraldi honetan, eta Van Aert ikaragarriak eta bi egiten ari da. Albin Viviani, Ewan eta tropeleko beste txirrindulari azkarrenak hartu ditu mendean, erakustaldia emanda.

Bihar Tourreko lehen atsedena egingo da, Albin. Etzi Touloussera iritsiko dira, esprintean bukatzeko moduko etapa, eta ostegunean, mendia. Pirinioak. Erasorako aitzakiarik ez dute igotzaileek, dagoeneko.

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide