Usopasa Erdikaldeko Mendikatean; Impey indartsuena Brioud-en, 15 laguneko multzoan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 14a, 16:20
Multzo nagusiak etapa lasai egitea erabaki du gaurkoan. / LE TOUR

Tropelak etapa ehiztariei askatasuna ematea erabaki du, segadaz betetako terrenoan; 16 minutura helmugaratu dira oilarrak.

Usopasa hasi zen atzo Tourrean, Thomas De Gendt-en hegaldiarekin, eta segida izan du Erdikaldeko Mendikateko bigarren etapan, gaur. Ibilbidez bihurria eta oilarren arteko borroka pizteko egokia, baina atzoko erritmo eroaren ondoren, multzo nagusiak etapa lasai egitea erabaki du. Ihesaldia ez da berehala egin, interes handia baitzuten askok. 15 lagunek egin dute martxa, eta ehiztari benetan apartak bertan: Benoot, Impey, Naesen, Nicolas Roche, Boasson Hagen... Ibilbideak bere kabuz egin du selekzioa, eta azken mendate pikoak Benoot eta Impey utzi ditu buruan. Mitchelton-Scott taldeko hegoafrikarra azkarragoa da, eta Benoot klasiko zaleagoa, eta aise menderatu du Benoot.

Tropelean, agintari, Deceuninq taldea. Julien Alaphilippe-ek lidergoa lortuta, aurrean maillot horia galtzeko arriskua suposa zezaketen txirrindulariak kontrolatzera mugatu dira, eta ihesaldian sartu zen onena sailkapen nagusian 21 minutura zegoela ziurtatuta, lasai egin dute bidea. Azken mendatean, bihurri samarra, Brioud-eko seme den Romain Bardet-en ahalegin ustela ikusi dufu. Ag2Rkoa herren dabil Tourrean, eta jaioterrian lagun eta sendiaren aurrean azaldu nahi izan du. Alferrik, baina.

Bihar 10. etapa korrituko da, Erdikaldeko Mendikateko azkena: Saint-Flourren hasi eta Albin bukatu, 217 kilometro luze berriro. Hirugarren mailako hiru mendate daude bidean, eta laugarren mailako beste bat. Ihesaldietarako aproposa, etapa, baina esprinterren taldeen baitan egon daitezke, Albiko ailegaera oso aproposa baita txirrindulari azkarrenentzat. Etzi atsedena hartuko du tropelak Albin, eta ondoren Pirinioak hasiko dira!

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide