Hamaiketakoa, ihesaldia, siesta luzea eta esprinta: Viviani 1-1 Groenewege

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 12a, 17:55
Tropelak 34-35 kilometro orduko abiadura eraman du. / LE TOUR

Oso aspergarria izan da Tourreko zazpigarrena, luzeena, eta batere pizgarririk izan ez duena, azken kilometroetako borroka izan ezik.

Tour osoko etapa aspergarriena izan da gaurkoa. Luzeena zelako, zailtasun orografikorik gabe, esprintean bukatzeko osagai guztiekin, eta bezperan tropelak egur handia hartu ondoren. Ondorioa? Bizpahiru orduko siesta ederra egiteko aitzakia ona, etapak apenas eman baitu zer kontatua. 11.35ean abiatu dira txirrindulariak, 11.36an Rossetto eta Offredok ihes egin dute, eta akabo etapa. Tropelak bidea egiten utzi die, nahi zuenean harrapatu egingo zituela jakitun. Kuriosoa izan da bi iheskideen artean gertatu dena, Rossetto Offredoren zain geratu delako, eta Offredo tropelera begira, iheskide gehiagoren zain, jakitun bi lagunekin jai zutela helmugara iristeko lanean.

Utzi die tropelak, bost minutu lortu dituzten arte, eta gero inurri lanean hasi da, baina batere urduritu gabe. Antolatzaileek 40 kilometro orduko abiadura finkatu zuten etapari begira, abiadura mantsoena, eta tropelak 34-35 kilometro orduko abiadura eraman du. Mendiko etapa batekoa, jardunaldi lauan. Offredo eta Rossetto helmugatik 12 kilometrora harrapatu dituzte, eta orduan hasi da etapa interesgarri bilakatzen. Esprinterren taldeen kokapen borrokarekin. Azken kilometroetan Deceuninq taldea aritu da ondoen, baina garaipena Groenewegen-entzat izan da, Ewan eta Saganen aurretik. Cicconek jarraitzen du lider.

Bihar Erdikaldeko Mendikatean sartuko da bete-betean tropela. Saint-Etienne hiri ezagunean bukatuko da biharkoa, eta bero handirik iragarri ez badute ere, Erdikaldeko Mendikatea beti izan da ezustekorako terrenoa, estrategia ausartak gauzatzeko plaza aproposa. Macon-en hasiko da etapa eta 200 kilometroko jardunean bigarren mailako bost mendate, eta hirugarren mailako beste bi pasa beharko ditu tropelak. Mendateek ez dute Pirinio edo Alpeetako menditzarren luzerarik, baina pikoak dira, %7tik gorakoak ia denak. Eta bertako errepideetan ez dago atsedenerako tarterik. Orain gora, orain behera, Euskal Herrian bezalaxe. Azken mendatea, Cote de la Jaillere helmugatik 12 kilometrora dago (1.9 kilometro, %7.9 batez besteko pendiza), eta etapa erabakitzeaz gain, 8, 5 eta 2 segundo emango ditu gainsarietan. Alaphilippe Cicconerengandik 6 segundora dago, eta ihesaldirik ez badago, gogo biziz saiatuko da maillot horia berreskuratzen.

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide