Pil-pilean

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko mar. 6a, 05:55

Ez al dute merezi kirol guztiek atentzio bera, bada? Informatzeko baliabide eta erraztasunak askoz handiagoak izan dira gizonezkoen saskibaloian, emakumezkoenean baino. Eta zer? Kazetari batek informatu nahi badu, mugitu egin behar du, iturriak bilatu, gauza ezberdinak kontatu!

Ahoa bete izan zaigu, Euskal Herriko kirolaren eszelentziak kontatuz. Kontaketa horren ardatz nagusi gizonezkoen kirol diziplinak zirela jabetu gabe. Edo okerragoa dena. Jabetuta ere, oharkabean pasatzen utzita. Saskibaloiaz idazten, informatzen hamarkada bi egingo ditut laster, eta jardun horretako %98k edo %99k gizonezkoen saskibaloia izan du ardatz. Argudio orok baitauka bere kontra argudioa. Oihartzun mediatikoarena? Ados. Eta zer? Ez al dute merezi kirol guztiek atentzio bera, bada? Informatzeko baliabide eta erraztasunak askoz handiagoak izan dira gizonezkoen saskibaloian, emakumezkoenean baino. Eta zer? Kazetari batek informatu nahi badu, mugitu egin behar du, iturriak bilatu, gauza ezberdinak kontatu!

Bera-Bera ari da. Reala eta Athletic ari dira. Eta euskal saskibaloia ere ari da. Sartu da zirimolan, eta buelta eta buelta denen ahotara iritsi zen pasa den asteburuan, Gasteizen jokatutako Erreginaren Kopa Txapelketarekin. Ez da kritika bakar bat bera entzun antolakuntzarekiko, eta horrek Araski kluba, Gasteizko Udala eta Euskadiko Saskibaloi Federazioa zoriontzera behartzen gaitu, derrigor. Oso lan ona egin dutelako. Mendizorrotza pabilioi zaharra ederrestu zuten, hiria Araskiren koloreekin jantzi, kale eta etorbideak kalejira alai eta soinutsuarekin zipriztinduz. Eta 4.500 lagunentzako pabiloia bete zuten egunero, Erreginaren Kopa Buesa Arena erraldoian jokatu behar zela kritikatu zutenak isilaraziz. Hobea baita 4.500 laguneko pabilioi betea, 15.000koa erdizka betetzea baino.

Hiru euskal talde aritu dira Gasteizen: Donostiako IDK, Gernikako Lointek, eta Gasteizko Araski. Final aurrekoetan aritu zen Gernika, baina ezin ezer egin Espainian oso nagusi den Salamancako Perfumerias Avenida txapeldun handiaren aurka. Haiek zortzigarren Kopa titulua ospatu zuten, baina euskaldunentzako ospakizun goxoena harmailetan zegoen. Gernikako gorriak, Donostiako zuriak eta Gasteizko berdeak, denak elkarrekin, kolorea ematen berez kolore handia hartu duen kirol diziplinari. Euren jokalariak heroiak bailira agurtzen, Mikel Laboaren Txoria Txori doinu ezaguna ozen abesten zuten bitartean.

Keinuek asko balio dute. Azu Muguruza IDK taldeko entrenatzaileak Gernikako Mario Lopez entrenatzailea eta Naiara Diez kapitaina besarkatu zituen prentsa aretoan, galduta ere. Lehentxeago, hau bota zuen, zintzo: "Gu harmailan egongo gara bihar Gernika animatzen. Ezin du bestela izan". Esaldi hori beste kirol diziplina batzuetara esportatuko bagenu jendartea askoz aberatsagoa izanen litzateke…

Iritzi artikulu hau Aiurrik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago