Basoak marrubitzen dira

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Abeluna 2019ko ira. 2a, 08:40

Bizitzaz beteriko oihanaren mugagabetasunean, basoak marrubitzen dira.

Eguzki izpiek ihes egiten dute zeru hostotsutik. Sastrakak argitzen dituzte, tarteka.

Errekaren usainak laztantzen ditu zuhaitzak. Airea freskatzen du, fereka.

Kolore bitxiz betetzen da ingurua, aniztasunak bermatzen baitu oreka.

Gorri edo urdin tonalitate kontaezinak daude. Inoiz ez pentsatutako koloreak.

Zapore eztandek ere osatzen dute melodia. Batzutan besteetan baino gorago aurki daitezkeenak.

Bizitzaz beteriko oihanaren mugagabetasun honetan, basoak marrubitzen dira.

Txikiak dira marrubiak, baina basoa zaporez estaltzen dute. Kolorez bizitzen dute.

Zoru marroia alaitzen dute. Monotonia apurtzen dute.

Bizilekua ere nonahi topatzen dute: sastraken artean, zuhaitzen oinetan, edota bide ertzean.

Eta ez ditu inork epaitzen. Haien bitxitasunean irribarre egiten diegu. Kosk egin baino lehen.

Basoak nortasunez betetzen dituzte, eta ez ditu inork lokatzetan lurperatzen.

Gu ere marrubituko bagina, ingurua marrubitzen utziko bagenu, lokatzetan lurperatuta dauzkagun oinei begiratzeari utziko genioke.

Orduan, sastraketatik eguzki izpietara salto egin genezake beharbada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago