Kontakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Abeluna 2019ko abu. 11a, 10:09

Mugimenduan gaude beti. Bizi gara. Gure erabakiak aldatzen dira. Gure helburu zein helmugak aldatzen dira. Jendea aldatzen da. Norabidea aldatzen dugu sarri. Bizi garelako. Eta etengabe mugimenduan dagoen mundu batean bizi gara.

Mugimendu hori bizipenek markatzen dute, azken finean emozioz betetzen gaituzten istorioek. Maitasun istorioak, beldurrezkoak, tristeak edo komikoak. Denak Kontakizun Handiaren mugen barruan. Nor eta nolakoak izan behar garen markatzen digu Kontakizunak. Nor maitatu eta nor sinistu. Arrakasta gizabanako bakoitzaren helburua izango balitz bezala idealizatzen du kontakizunak. “Izan zaitez hoberena egiten duzun horretan eta diru asko irabazi. Lor ezazu kosta hala kosta” xuxurlatzen digu. “Gero apain ezazu emaitza gizarteko arazo bakoitzaren konponbidea balitz bezala” jarraitzen du. Ehiza kontakizun bat, existentzia errespetatzen ez duena baina erresistentziarik espero ez duena. Kontakizun falozentriko bat, mitoetan sinistera gonbidatzen gaituena. Nagusiek kontatzen dizkiguten kondairak kontsumitzera gonbidatzen gaituena. Kontakizun Handiaren parte diren MC Donald’seko patatekin jaten ditugun ipuinak dira azken finean. 

Istorioek mundua mugitzen dute, gure erabakiak baldintzatzen dituzte. Ez dute zertan onak edo txarrak izan; batzuk, besterik gabe, beste asko baino sinesgarriagoak dira. Eta gu ipuin kontalariek markatzen duten sinesgarritasun horren barruan mugitu eta aldatzen gara. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago