iritzia

Lehentasunak

Erabiltzailearen aurpegia Mati Iturralde 2026ko uztailaren 4a

TURISMO GRANDOLA

Uste dut kapitalismo basatiak gizateriari ezartzen dizkion arazoetatik oso urrun dauden lehentasun sozial batzuk daudela.

Duela urte batzuk bisitatu nuen Grandola, Portugalgo Alentejoko hiria. Hiri txiki honek krabelinen iraultzari hasiera eman zion ereserkiaren inspirazioa izatearen harrotasunari eusten dio 52 urte ondoren. Hango kaleetako aire lasaia eta Oliveira Salazarren diktaduraren biktimei egindako memoriala  gogoratzen ditut, baina, batez ere, horma irudi handi batek hunkitu ninduen; giza eskubideen deklarazio unibertsalaren lehen artikulua irakur zitekeen eskola publiko baten horman marraztuta.

Egunero eskola hartara joaten diren neska-mutilek honakoa irakur dezakete: "Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, berdinak eskubideetan eta duintasunean, eta anaitasunez tratatu behar dira". Ez dakit ba ote dagoen printzipio oinarrizkoagarik eta sendoagorik, baina gaur egungotik ikusita, benetako utopia dirudi.

Duela gutxi argitaratu da Deustobarometroaren inkesta, EAEko biztanleen lehentasunei buruzkoa. Arabako datuak kezkagarriak iruditu zaizkit, gure gizarteaz islatzen duten irudiagatik. Arabarrok hautematen ditugun arazo nagusien artean, Osakidetza eta etxebizitzaren krisi sakonez gain, hirugarren tokian daude segurtasuna eta delikuentzia eta immigrazioarekin duten harremana.

Hala ere, ustelkeriak, matxismoak, desberdintasun sozialek eta ingurumen krisiak gutxieneko kezka eragiten dute. Ez dakit jasan dugun bero boladak iritziren bat aldatu ote duen, baina uste dut kapitalismo basatiak gizateriari ezartzen dizkion arazoetatik oso urrun dauden lehentasun sozial batzuk daudela.

Giro honetan ez da harritzekoa "lehentasunez" hitz egitea. Antza, gure auzokide gehienek uste dute laguntza sozialak edo zerbitzu publikoak jasotzeko beharrezkoa dela etorkin erregularizatuak izatea, eta, jakina, euskal herritarrek eta espainiarrek eskubidea izango lukete.

Nire ustez, gure ibilbide historikoari eta erakundeetan izan dugun ordezkaritza politikoari begiratuta, paradoxikoa da gure gizartearen bilakaera. Boto asmoen inkestek erakusten dutenez, ezker subiranistaren botoak gero eta leku gehiago hartzen du, baina kezkak eta lehentasunak ez datoz bat haien diskurtso eta proposamenarekin. Agian, mezu politikoen argitasun faltaren eta arrakasta elektoralaren gehiegizko pisuaren ondorioa da guztia. 

Eskolako muralera itzuliz, gizakien eskubideen berdintasunaren aldarrikapena sinplea edo inozoa izan arren, diskurtso politiko perfektua iruditzen zait. Abestiak esaten duen bezala: "Senidetasunaren lurraldea; izkina bakoitzean lagun bat, aurpegi bakoitzean berdintasun bat".  

Mati Iturralde

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago