Ez dakit gogoratzea beharrezkoa den, baina duela hamabost urte ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuen, eta Ezker Abertzaleak bere estrategia politikoa aldatu zuen, parte hartze instituzional normalizatuaren aldeko apustu argia eginez.
Gogoan dut garai hartan Batasunaren agiri batean militantziari ohartarazten zitzaiola iragan hurbilari buruzko kontakizunaren eta indarkeria politikoaren memoriaren garrantziaz, eta existitzen ez zen arrisku batez ohartarazten zutela iruditu zitzaidan. Finean, denok bizitako historia zen, eta uste nuen memoria kolektiboa ziurtatuta zegoela. Orain konturatzen naiz zer oker nengoen.
Azken hamarkadan prozesu soziopolitikoak munduan zehar bizkortzearen ondorioz, konponezinak ziruditen gatazkak ahanzturan geratu dira, eta hainbat helbururen inguruan aktibatutako gizarteak geldirik daude, poliki-poliki itxaropena gutxitzen den bitartean.
Azken hilabeteotan eman diren hainbat aldaketa deigarriak egin zaizkit. Aurrez finkatutako diseinu bat balego bezala, arduradun politiko eta komunikabide gehienek borroka armatuaren irakurketa berrituak egin dituzte, eta EH Bilduri gaitzespen politikoak eskatzen jarraitzen dute, duela ia hamarkada bat desegindako erakunde armatu baten arduradunak urruntasun nabaria izan arren.
"Uste nuen memoria kolektiboa ziurtatua zegoela. Orain konturatzen naiz zer oker nengoen"
Lege antiterroristak zigortutako presoei espetxe legedi arrunta ezartzeak damua eta barkamen eskaeraren diskurtsoa behin eta berriz zabaltzen du, eta eskakizuna haien senideengana ere zabaltzen da askotan. Behin eta berriro EAJren diskurtsoan zoru etikoaren kontzeptua mantra bezala agertzen da, EH Bildurekin hegemonia politikoa lortzeko lehian distantzia markatzeko eta dagoeneko existitzen ez den gatazka bat bizirik mantentzeko.
Memoriaren eta kontaketaren erabilera ez da soilik politikan mantentzen. Azken urteetan nobelak eta filmak argitaratu dira duela hamarkada bateko bertsio ofizial guztiak behin eta berriz berresten. Benetako gertaeretan oinarrituta bezala ageri dira, eta fikziozko baliabideak erabiliz, pertsonaien benetako izenak erabiltzen dituzte, inori baimena eskatu gabe, suposatzen dut. Ausartuko nintzateke ziurtatzera lan horietako bakar batean ere ez dela aipatzen torturen eta tratu txarren praktika sistematikoa, ez atxiloketa inkomunikatuak, ez X Jauna nor zen, ez GAL nola finantzatu zen.
Terrorismoaren aurkako borrokaren sekretuak ondo gordeta daude, eta gure historiaren zati baten memoria pixkanaka galtzen ari da. Memoria galduaren gauzarik txarrena da ikasteko ezintasuna, eta uste dut hau dela gure herriaren errealitatearen isla zehatza.
Mati Iturralde.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.