Urriaren 12an, Gasteizko Probintzia plaza arabarrentzat ez ezik estatu osoko komunikabideentzat ere bihurtu zen eguneko irudia. Faxisten urteroko bisitak gasteiztarren etsipena gainditu zuen, eta erakunde eta alderdi politikoen komunikazio taldeak mugiarazi zituen.
Balorazio politiko gehienak ez ziren egin faxistek espazio publikoak betetzeko duten inpunitateaz edo oroimen historikoari egindako irainez, baizik eta haien aurka antolatutako erantzunaren indarkeria mailaz. Ematen zuen arduradun politikoek faxismoaren aurka nola borrokatzen den argi dutela, baina kanpoko mehatxua balitz bezala hitz egiten zuten, ez arazo propio gisa.
Nire inpresioa da faxismoaren aurrerapena ez dela kanpotik etorritako nazien manifestazioaren anekdota bat, baizik eta zerbait askoz sakonagoa. Agerikoa da faxismoaren berpiztea Europa osoan. Gure gizartea baino kontzientziatuagoak dauden gizarteetan fenomenoa azaltzen ari da, eta horri aurre egiten saiatzen dira, baina oraingoz inork ez du horretarako erantzunik eman.
Agian jarrera faxistak eskuin muturretik harago doaz eta errealismo politikoa gainditzen dute, berdintasunaren printzipio ukaezina defendatzeko gai izan gabe. Gizakiak desberdinak garela onartzeak bidea irekitzen dio arrazismoari, misoginiari edo supremazismoari, ideologien basamortuan.
Bere historia faltsutu duen estatu batean bizi gara, diktaduraren irudizko porrotarekin eta estatuaren estoldak bezain iluna den trantsizio demokratiko eredugarri batekin. Horrelako gezurrek gobernatzen gaituzten botere guztietan ezkutuan dagoen faxismoa elikatu besterik ez dute egin. Aurreko erregearen autobiografia argitaratu berrian ageri diren berriketa lotsagarriek argi uzten dute hori.
Estatu baten egitura osoa diktadore faxista baten testamentuaren gainean eraikitzen denean, eta botere aparatu guztien zigorgabetasunean, pentsatu beharko litzateke zeintzuk izan diren erreformak eta zertarako balio izan duten. Oinarri horiek dituen estatu batean parte hartze normalizatuak borroka antifaxistari mesede egiten dion ala ez eztabaidatzea falta da… Baina momentuz ez du ematen egingo denik.
Panorama honekin ez zait eraginkorra iruditzen erantzun antifaxistak kritikatzea edo zilegitasuna ukatzea. Duela gutxi irakurri nuen Alemaniako nazismoari aurre egiten zioten erakundeei buruz; beren kideei ahal zutena egiteko eskatzen zieten, eta agian hori pentsatu beharko genuke, behintzat, faxismoa kolektiboki garaitzeko modurik aurkitzen ez dugun bitartean.
Mati Iturralde
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.