Story-ak komentatzen dizkiet, eta "atsegin dut" ematen didate haiek nire argazkiei. Noizean behin emotikonoak alde batera utzi eta zer moduz gauden galdetzen diogu elkarri. Kostatzen zaigu, baina hitz egiten hasten garenean tartetxo goxo bat ematen dugu. Iraganeko oroitzapenak izaten dira ia beti, doluak eragiten duen minari ihes egiteko topatu dugun teknika infaliblea da.
Astelehen honetan, 19:00etan, mezu bat nuen: "Zuri, una preguntita: ¿Por dónde pasa Korrika? No sabemos muy bien qué es pero queremos ir". Mezua 23:00etan irakurri nuen. Berandu ailegatu naiz! A ze disgustua! Momentu horretan nire hildakoarekin bat egiten dut, eta tristetu egin naiz. Bizirik egongo balitz, berarekin korrika ibiliko nintzateke Gasteizko kaleetan. Herriaz harro eta gure harremanaz harro!
ERREPARATU HONI
ORDUAK NOLA IDATZI
Zifretan ematean, nazioarteko konbentzioari jarraituz, bai orduetan bai minutuetan, bina zifra erabiliko dira beti (00:12, 12:10, 09:25, etab.), eta deklinatzen direnean, puntuan diren orduei plurala erantsiko zaie, eta minutuei singular-marka, dagozkien lotura-bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, etab. (*06:10etan > 06:10ean; *15:30etan... > 15:30ean...).
Ordu bata (da), ordu biak (dira), hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, etab. (*seirak, *zazpirak, *zortzirak, *lauak...). Hots. R-a, hiru eta lau zenbakietan, soilik
Erdiak ematean, bestalde, t'erdi idazkera ez, baizik eta erdi forma osoa hobetsi da batasunerako: ordu bat eta erdiak, ordu bi eta erdiak, ordu bat eta erdietan.... (*ordu bat t'erdiak, *bost t'erdietan...).
Iturria: Euskaltzaindia.eus
Larunbatean goizaldeko 05:15etan etxeratu ginen. | Larunbatean 05:15ean etxeratu ginen. |
Arratsaldeko seiretan antzezlan paregabea ikustera joango gara ikaskideok. | Arratsaldeko seietan antzezlan paregabea ikustera joango gara ikaskideok. |
Hamar t’erdiak arte ez da hasiko filma. | Hamar eta erdiak arte ez da hasiko filma. |