Mota horretako bilketa lan bat egiteko mugarik handiena denbora dela esan du Llosak, eta zenbat eta lehenago hasi, hobeto egiten da, lexikoa benetan kontrolatzen dutenak gero eta gutxiago direlako. "Hizlari asko eta asko dagoeneko ez daude gurekin, eta ezagutzaren aldetik, belaunaldi batetik hurrengora alde handia dagoela ikusi dut. 85-90 urteko jendeak askoz hobeto ezagutzen du bere inguru naturala eta askoz hiztegi handiagoa dauka 60 urtekoak baino".
'Natura, Izkiko berba propioan', Estitxu Ugarte ALEAn (2024-02-09)
ERREPARATU HONI
ZENBAT ETA...
"gero eta... -ago, ... gero eta... –ago" esamoldea ez da zuzena. Horren ordain zuzena hau da: zenbat eta... -ago, (orduan / hainbat eta)... -ago. *Gero eta gehiago ikasi, (gero eta) nota hobeak aterako dituzu. Zenbat eta gehiago ikasi, (orduan eta / hainbat eta) nota hobeak aterako dituzu.
"Zenbat eta... -ago, gero eta... –ago" esamoldeak ez du tradiziorik. Horren ordain egokiak hauek dira: zenbat eta... -ago, (orduan / hainbat eta)... -ago. *Zenbat eta gehiago ikasi, gero eta hobeto. Zenbat eta gehiago ikasi, (orduan eta / hainbat eta) hobeto.
*Gero eta barrurago, ilunago aurkituko duzu basoa gisako esamoldea ez da egokia. Honela behar luke: Zenbat eta barrurago, (hainbat eta / orduan eta) ilunago aurkituko duzu basoa.
Iturria: Euskaltzaindia.eus
Gero eta lehenago esan, hobeto. | Zenbat eta lehenago esan, (orduan eta / hainbat eta) hobeto. |
Gero eta gehiago entzun, gero eta gutxiago sinesten dut. | Zenbat eta gehiago entzun, (orduan eta / hainbat eta) gutxiago sinesten dut. |