"Azkenaldian, hainbat kirolarik eta kirol-eragilek izena –eta irudia– saldu diote giza eskubideen arloan izugarria den herrialde bati. Rafael Nadal izan da azkena, Neymar, Jon Rahm, Karim Benzema edo Cristiano Ronaldo bezalakoen atzetik. Hainbat lehiaketa edo txapelketa ere erakarri ditu Saudi Arabiak, irudia zuritzeko sport washing edo legitimazio operazioetan, non, estimazioen arabera, 6.000 milioi dolar baino gehiago gastatu dituen.
Beti iruditu izan zait ikuskizun-kirolak mugitzen duen dirua, neurriz kanpokoa izateaz gain, lizunkeria hutsa dela. Zer esan, gainera, irudia garbitzeko osagaia gehitzen zaionean... biztanleriaren %60baino gehiago pobrezian bizi den herrialde batean".
'Zerrendak perpendikularrean', Nerea Antia ALEAn (2024-01-26)
ERREPARATU HONI
-EHUNEKO (%)
Joskera. Ehunekoa dagokion hitzaren ondoren idatzi behar da sinboloa: ikasleetatik %55, ikasleen %55, botoen %47.
Kasu marka. sinboloaren eskuineko digituari lotzen zaio kasu-marka, dagokion atzizkia erantsiz marratxorik gabe.
Ehunekoa zenbat galderaren ereduan hartzen da eta, beraz, mugagabean jokatzen da: Gazteetan, %7 azkarra da (*%7a). Gazteetan, %7k badaki (*%7ak).
Aditzaren komunztadura. Erreferentea plurala denean, ohikoa da pluralean komunztatzea: %4ri ez zaie tokatu ezer ere. Hala uste dute galdetegian parte hartu dutenen %36k. Talde horretako %48,3 hispanoamerikarrak dira. Nolanahi ere, singularrean ere komunzta daiteke: Gazteen %8 katoliko praktikantea da.
Erreferentea singularra (zenbakaitza) bada, singularrean: Aurrekontuaren %15 ez du gastatu oraindik. Elektrizitatearen %30 haizetik lortzen dute.
Iturria: Euskaltzaindia.eus
%48 boto lortu du hautagaiak. | Botoen %48 lortu du hautagaiak. |
Prezioak %-6 igo dira. | Prezioak %6 igo dira. |
Kontinentearen %5a izotza da. | Kontinentearen %5 izotza da. |