Rosa Parks etorri zitzaidan gogora, autobusean, zurientzako eserlekutik altxatzeari uko eginez. Keinu esanguratsu eta eraldatzaileak.
Berriako orrialde berean Xabier Amurizari Iñaki Muruak eskaini zion artikuluarekin topatu nintzen. Zein izan zen Amuriza martxan jarri zuen keinua? Agian txikitako lehenengo hitz kantu haiek? Edo Franco garaiari zuzendutako begirada zorrotzen bat? Auskalo!
Baina zerbaitek jarri zuen martxan Xabier. Berak bertsolaritza euskara batuan sortu zuen, eta bertsolaritza zerutik zetorren dohaina ez zenaren konbentzimendua lau haizetara zabaldu zuen. Martxa. “Gakoa hor datza/aldatzeko martxa” bota zuen bertso gogoangarri batean.
Eta ezagutu genuen Amuriza 1981ko Udako Euskal Unibertsitatean. Liluratu gintuen bere bertso ikasleen gozamenak eta gureak haiei kopletan entzunda ere bai.
Guk ere nahi genuen horrelako zerbaitekin gozatu Gasteizen. Eta horregatik 1982ko irailean joan ginen bost gasteiztar eta gasteiztartu (Txipi, Martin, Amaia, Rikardo eta bostok) Abornikano herrian bizi den Abel Enbeitarengana gure irakaslea izan zedin proposatzeko sortu nahi genuen bertso eskolan.
Eta horrela hasiera eman genion bertso mobidari Gasteizen urte haietan, mila gozamen iturri. Aiara aldean ere bai. Eta beste hainbat txokotan. Dudarik gabe, garai haietan behintzat hori ez zen posiblea izango Amurizak keinu bat egin izan ez balu, geroago ideia, lana eta bertso eskolen olatua bihurtu zena.
Xabierrek egindakoak ez du izan Rosa Parks-ek egin zuenaren bezainbesteko ondorio eta oihartzunik munduan, baina bai euskaldunon artean. Eta hitzaren kirol nazionalaren zale bihurtu ginenoi bizitza markatu, goxatu zigun (eta digu).
Mila esker, tokaio!