“Bazen garaia” pentsatu nuen. Eta horrela abiatu nintzen poltsa biodegradagarrien bila. Ez dakit zenbat buelta eman nituen lortu arte, baina egun bakarrean ez nituen eskuratu. Ez dira oso onak, erraz apurtzen dira. Beraz, bi jarri behar bada ez bada ere. Baten batek esan zidan hobe nuela paperezkoak erostea, ez dakit nongo azalera handian. Autorik ez dut, beraz haraino ez naiz joango. Donostian, nik dakidala, udalak ematen ditu poltsak eta kuboa.
Orain dela aste batzuk txiripaz eskuratu nuen aurten Udalak argitaratutako egutegia. Hainbat argibide interesgarri ematen dira bertan birziklatzeari buruz, nire etxeko postontzira – eta herritarren gehienenetara – iritsi ez direnak. Baina, gaurko gaiari bueltatuz, etxera heldu zitzaidan oharrean jartzen zuenari kontra egiten zaio egutegian. Lehen aipatu dudan bezala etxean jasotako oharrean gomendatzen da poltsa biodegradagarriak erabiltzea, egutegian, berriz, esaten da “nahita ez erabili behar dela poltsa mota hori”.
Hasiera hasieratik harritu ninduen organikoa biltzeko edukiontzien txikitasunak grisekin konparatuz gero behintzat. Organikoa botatzen dudanean hiruzpalau poltsa ikusten ditut bertan, hutsaren hurrengoa. Gainera, erabat libre da bertara edozein gauza botatzea. Beraz, auskalo zer egingo duten batzuek.
Parke ederrak ditugu Gasteizen eta Eraztun Berdea. Gaitzerdi! Baina ustezko hiriburu berdea izan ginen urte horretan bezala, arlo honetan ezeri baino gehiagori Iberdrolaren berdetasunaren antza hartzen diot gure udalak darabilen hondakin politikari.