Avignonetik Gasteizera, Hendaian Barrena

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Rico Iturriotz 2014ko ots. 6a, 09:14

Xabi Rico

Astebete baino gehiago eman berri dut Avignonen, frantziar estatuko hegoaldean dagoen hiri eder horretan eta bere inguruan. Eraikin ederrak, etxe politak, museo zainduak eta ikusgarriak, erromatarren garaiko aztarna ikusgarriak, kultur bizitza aberatsa eta ustez ondo osatua. Nahikoa, beraz,  bisita patxadatsua merezi ahal izateko.

 

AvignounBaina beste zerbaiten bila ere hasi nintzen. Ez dakit jende askok dakien Avignon Okzitaniaren barruan dagoela. Frantziako hegoalde gehiena hartzen duen lurraldea. Bertako jatorrizko hizkuntza okzitaniera da, hainbat dialektotan banaturik. Neu egon nintzen eskualdekoari proventzala  esaten diote, Erdi Aroan literatur ekoizpen garrantzitsua izan zuena eta Nobel saridun bat XX. mendean, Frederi  Mistral.


Beraz, hizkuntza horren bila hasi nintzen. Batez ere ikusi dut, hildako idazleei dedikatuko oroitarrietan eta alde zaharreko kaleen izenak adierazten dituzten plaketan, hori bai frantsesezko testua baino askoz ere hizki txikiagoz idatzita edo inguruko hiri txikiren batean bi plaka: bat izen berria eta ofiziala duena, eta bestea proventzalezko izenarekin, polita baliogabea. Hiriaren sarreran Avignoun izena idatzita dago okzitanieraz. Eta jendearen ahotan? Frantsesa entzun dut nagusiki. Eta beste hizkuntza batzuk ere bai, arabiera, italiera, gaztelera, esperantoa, alemana…. Proventzalaren  arrastorik ez. Baten batzuei galdetu nien: “Parlez vous provençal?” “Ah non, ma grand mère, elle parlait” erantzun zidan batek. Elebitan kantatzen duen Guy Bonnet izeneko abeslari baten kantaldian egon nintzen. Kurioski azalpen guztiak frantsesez eman, eta aipatu zuen “le provençal, cette langue que j´aime tant…” Beraz, Avignouneko Rue de la Republique kale nagusian, zubi famatuaren gainean eta beste edonon errepublikaren hizkuntza jaun eta jabe. Aipamen bakarra irakurri nuen egunkari batean: inguruko herri batean jendea  biltzen da aldiro proventzalez kontu kontari aritzeko.


 

Arrakastaz burutu du errepublikak orain dela berrehun urte hasitako  bertako hizkuntza komunitateren desagertzea. Berpizkunderako aukerarik ez dut  ikusi. Baina, etorkizunean nork daki?


Euskal Herrirako bueltan, trenean, frantsesa nagusi. Baiona eta  Hendaia artean, batek adio esan zuen agurtzeko.Baina Hendaiako geltokian Eusko Treneko bagoi batean sartu ondoren ez nuen entzun ez hori ezta antzeko zerbait ere. Antza denez, arratsalde horretan bagoi horietan hasten zen gazteleraren lurraldea.


Donostian autobus txartela erosteko saltzailearekin elkarrizketa elebiduna -nik euskaraz, berak gazteleraz- izan ondoren Gasteizera iritsi nintzen.


Hurrengo egunean erdialdetik ibili nintzen eta arnas pixka bat –ez gehiegi- hartu nuen. Dato kalea ez da Rue de la Republique, ezta Gasteiz Txillardegik 50ko hamarkadan ezagutu eta –berak esanda- Salamanca berdin-berdin izan zitekeen hiri hura. Baina irudipena daukat arreta jarri dudan egun horretan, gurasoak umeekin eta ondoko probintzietatik etorritako ikasleak zirela nagusiki euskaraz ari zirenak.

Eta galdera bat badut amaitzeko, neuk, Avignonen egon den turista patxadatsu honek, bertako proventzaldun  hizkuntza komunitatearen aztarna ia arkeologikoak aurkitu ditudan bezala, aurkituko du euskararen herria Gasteizera  etorri ohi den turista presatiak?

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago