Hondakinen kudeaketa, Gasteizen bada zer hobeturik

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Rico Iturriotz 2013ko eka. 3a, 09:13

Xabier Rico

Dezente ari gara entzuten hondakinen inguruan Gipuzkoan dauden ikuspuntu kontrajarriak. Badakit gizakiok gure mundu hau konplexu egin dugula. Baina niretzat hondakinen gaian printzipio bat dago: Erantzukizuna gurekiko, gure inguruarekiko, gure ondorengoekiko eta naturarekiko. Beraz, ahal den neurrian, gure ingurua jaso dugun bezala utzi behar dugu. Naturarengandik badugu zer ikasia.

 

Badirudi hainbatek ez duela horren inguruan kontzientzia nahikorik eta horregatik birziklatze tasak txikiak dira. Gipuzkoan hasi dira herri batzuetan ganorazko zerbait egiten. Bide erdian geldituko dira, edo hiru laurdenean hainbat tokitan, herritarren artean batzuek zabaldu duten izu demagogikorengatik.


Nafarroan badakigu zertan ari diren bertako agintariak, birziklatuko ez dituzten hondakinak porlan labe batera botatzeko asmotan. Ipar Euskal Herrian Bil eta Garbi izeneko erakundearen berri ematen digute hedabideek, ez arazorik gabe hondakinen kudeaketan. Bizkaiko erakundeek birziklatze tasa txikiaren  eta errauskailuaren alde egin omen dute. Bereziki deigarriak izan ziren “munduko alkate onenaren” adierazpenak. Hauxe esan zuen hitzez hitz: “Hemen, zabor poltsa edukiontzira bota besterik ez dugu egin behar, buruhausterik gabe”. Gora utzikeria! Gehiena kontenedore grisetara botako du jendeak eta bertara botako dutenaren %17a birziklatuko dute soilik. Labean erreko dutenaren errautsak errepideen asfaltatze lanetan erabiliko dituzte, hainbat ikerketaren arabera osasunerako oso arriskutsuak.


Arabari buruz, berriz ez da ia ezer aipatzen hedabideetan. Badirudi dena konponduta daukagula hemen. Baina gasteiztarra naiz eta hiri honetan egiten denari buruz zerbait badakit. Badakit, adibidez, 1978an anaiak bota zuela “Niki” gure txakur emearen gorpua Gardelegiko zabortegira. Geroztik hainbat hobekuntza izan ditugu Gasteizen, eta ez dut egin den guztia aipatuko. Ez dakit zenbatekoa den birziklatze tasa, baina zerbait baino gehiago birziklatzen dugu gaur egun. Gardelegi ez da orain hogeita hamar urte zena…. Hala ere, oso urrun gaude %60a birziklatzetik adibidez, epe ertaineko helburu bat jartzearren.


Baina kontua da birziklatze kontuetan hainbat zalantza izan ditudala – zer bota zehazki edukiontzi horira, aurtengo puntu berde mugikorrak….- atzo interneten begiratu nuen arte. Nik uste dut ia zalantzarik ez dutela gutxi birziklatzeko joera dutenek: ederki beteko dituzte edukinontzi grisak. Behar baino askoz gehiago.


Ageriko arrazoi politikoengatik –indar korrelazioa- ezin da ezarri etorkizun hurbil batean, ezta urrik eman ere, Gipuzkoan, zailtasunak zailtasun eta akatsak akats  indarra hartu duen Zero Zabor planteamendua. Hori bai, gizarte kontsumoaren erosokeriaren eta azaleko estetikaren alde ari den, eta higieneari buruzko ikuspuntu murritza duen herri mugimendu baten erasopean; ene ustez, norbanakoaren eskubideak  herritarren osasunaren, naturaren eta Lur planetaren biziraupenaren gainetik jartzen dituena.


Tira harira buelta nadin. Bada zer hobetzerik Gasteizen. Ez da nahikoa informazioa interneten jartzea. Zenbatek begiratuko du bertan? Puntu berde mugikorren informazioa paperean iristen zen etxe guztietara orain dela bi urtera arte. Udalak banatzen zuen aldizkariak informazioa zabaltzeko aukera ematen zuen. Arlo batzuetan ez ote goaz atzera?


Auzo batzuetan bosgarren edukiontzia jarri da. Noiz zabalduko da hiri osora? Zergatik ez jarri atari guztietan birziklatzeari buruzko informazio argia eta egokia, etxe guztietara bidali ondoren? Edukiontzi grisen ondoan ez dira beste batzuk jarri behar? Nola kontzientziatu daitezke herritar ezaxolati horiek? Kontzientziatzeaz gain, ez zaie birziklatzea erraztu behar?


Proposamen gehiago egin dezake honen inguruan hausnarrean ibiltzeko gogoa duen edonork. Badugu horren beharra, ze hondakinen kudeaketan zertatik dago Gasteiz hurbilago berdetik ala grisetik?

Neurri batean eta ezinbestean lehenengo paragrafoan egin dudan diskurtsoa deskafeinatzen joan zait artikuluan zehar, eta azkenik desioa den zalantza bat   burura etorri zait: hondakinei dagokionez gure alkatea munduko alkate onena baino hobeto arituko da?

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago