Iruzur baten kontura, lehen(tasunezko)ak azkenak ote?

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Rico Iturriotz 2013ko urt. 7a, 09:20

Xabier Rico Iturriotz

Kristok esan bazuen, “azkenak lehenak izango dira”, alderantzizkoa ere berdin-berdin esan omen zuen, “lehen(tasunezko)ak azkenak izango dira”. Diot nik. Oraingo gertaerek arrazoia emango diote, edo aipatuko dudan kasuan behingoagatik oker egongo da zorionez?

Oraingoz ez du arrazoi gutxi Nazareteko herritar hark. Horrela gertatzen ari zaio hainbati Gasteizen, Araban, ia edonon. Nire lagun Rikardok Hirineten argitaratutako bertsoan esaten duen moduan, Fagor eta Eroskiren lehentasunezko ekarpenak erosi zituztenek lanak dituzte jarritako diruak berreskuratzeko. Egia da interesak jasotzen dituztela, baina korralitoa gure artean dugu dagoeneko.

Ekarpenak jaulki zituzten enpresen arabera erosleek bazekiten “ekarpenak betirako zirela”. Hizki txikiegiz idatzita, nonbait saltzaileek bezeroen eskura jarri ez zutena. Badabiltza kaltetuak bazterrak aztoratzen. Baina M.C.C.eko arduradun batek esan dienez, alarma sozialik ez dute sortzen eta horregatik ez dute ezer jasoko. Edo gehienez jarritakoaren %30a edo %40a, nahi izanez gero. Lekutan dago kooperatiben mugimenduaren etika!

Beraz, zeu ere kaltetua bazara eta alarma sozialaren tenperatura igoarazi nahi baduzu, jar zaitez harremanetan egoera berean dauden hainbatekin telefono honetara deituz: 653745280 (Rikardo).

Nire iritziz gehiegizkoa izango litzateke Nazareteko zurginaren semearen ustezko esana erabat iraultzea, baina beste auzitan bidegabea izan daitekeena modu honetan geldituko balitz, gaitzerdi: “Lehen(tasunezko)ak hirugarrenak edo laugarrenak izango dira”. Soilik horrela lurruntzen hasiko dira Debagoienatik  zabaldutako iruzurraren laino beltzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago