Baina zergatik ari dira euskaraz?

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Rico Iturriotz 2012ko api. 30a, 10:09

Xabi Rico Iturriotz

 

Sarritan, horixe galdetzen diot nire buruari. Harritu bezainbeste poztu egiten naiz nire institutuko gaztetxo batzuk euskaraz euren artean ikusten ditudanean.

Oraindik inozoren batek pentsa lezake, D ereduan ikasita, 15-16 urteko ikasleen artean euskaraz aritzea logikoena dela. Baina egoera soziolinguistika apur bat aztertuta, edo, teoriatan jantzita egon gabe, eguneroko hizkuntza errealitateari erreparatuz gero erraz kontura gaitezke euskaraz ikasten duten gazteen artean erdaraz egitea dela arruntena eta euskaraz salbuespena.

Urrun gelditu dira garai haiek zeinetan pentsatzen genuen nahiko izango zela euskara edo euskaraz ikastea jende guztia euskaraz mintzatzen hasteko.

Hori ez gertatzearen arrazoiak nahiko ezagunak dira: gaztetxo gehienen etxeko hizkuntza, Gasteizen giro erdalduna nagusi izatea, heldu euskaldun askoren jarrera erdaltzalea, kultur erreferentzia nagusiak, hedabideak (internetekoak barne)……eta abar.

Beraz, lehen esan dudan bezala bestelakoa da burura datorkidan galdera: Zerk bultzatzen du 15-16 urteko gazte batek euskaraz egitera?: Etxeko hizkuntza edo gurasoen jarrera euskaltzalea, koadrila euskaltzalea, motibazio ideologikoak, euskarazko kultur erreferentziak, udalekuetan sortutako harremanak, ikastetxeak bultzatutako motibazioa……. Berriro esan dezadan, eta abar…..

Baina beste zerbait azpimarratuko dut. 15-16 urteko gaztetxoak ez dira jadanik umeak. Beraz, erabaki asko ez dituzte hartzen helduen presio pean, beraiek sortu edo aurkitu duten giro egoki batean –koadrila nagusiki- baizik. Gainera,  jarrerak eta erabaki horiek bizitza osorako izaten dira. Eta hori garrantzitsua da.

Beraz, ez dezagun ahaztu gutxiengoa direla euskaraz ari diren gazteak. Egia da hauen inguruan badaudela beste hainbat euskararako urratsa eman dezaketenak. Baina ez da gezurra erdarazko giroa erraz nagusitu daitekeela gazte euskaltzale  hauengan.

Beste kontua da darabilten euskararen kalitatea. Askotan euskara eta erdara nahasten dute. Ahal dutena egiten dute, beste hainbat jendek bezala. Baina zer egin daiteke inguratzen zaituen erdal itsaso batean? Itoko diren naufragoak dira? Edo lur gehiago irabazten joango diren uharteak?

Badira Gasteizen euskarazko aisialdiaren inguruan ume eta gazteekin lan egiten duten elkarteak, ikastetxeak eta erakundeak. Nire belarrietara iritsi da  udalaren murrizketek kinka larrian utzi dutela arlo horretan lanean ari den  Euskharan elkartea.

Badu arrakasta Mintzalagunak Gasteizen. Gurasolagunean ere hor ari dira. Gaztelaguna abian da. Nerabeentzat ezin aproposagoa izan daiteke beste toki batzuetan aspaldi martxan jarri zen Koadrilategi proiektua.

Gauzak ez dira errazak “fraide eta militarren hiria” aspaldi izandako honetan. Baina garai hartatik hona euri dezente egin du eta hainbat urrats eman baditugu, askoz gehiago emango ditugulakoan nago.

Badago, beraz, zer egin. Eta euskaltzaleontzat zer lan ederragorik nerabeen arteko euskarazko harremanak errazten laguntzea baino?

Eta, “zergatik ari zarete euskaraz?” “Zergatik ez!” erantzungo lukete. Biba zuek! Ez duzue meritu makala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago