Iritzia

Zorionekoak gu

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2026ko otsailaren 21a

Argazkia: HATORTXUROCK

"Garrantzitsuena, beti bezala, garaipen horiek komunitatean bizi ahal izatea"

Azkeneko zutabea idazten ari nintzela, hurrena Hatortxu jaialdietan emakumeentzat egokitzen dituzten komunei buruz aritzea pentsatu nuen. Gero, Susana hil da, eta hari buruz idazteko tentatuta egon naiz, harik eta komunek ekarri diguten irakaspena Susanarekin partekatu ditugunen ezpalekoa dela ohartu naizen arte.

Hatortxukoek emakumeok kalean elkarren ondoan pixa egin ahal izateko sistema jasangarri bat badute eta, horri esker, emakumeok ez dugu usain nardagarriko komun itxi horietan sartu behar, ezta toki ezkutuen bila ibili behar ere. Sistemak sekulako arrakasta izan zuen emakumeen artean, eta elkarren ondoan ahizpatasun giro ederrean erabili genuen. Gizon askok, aldiz, ez zuten ulertu guretzat izan zuen garrantzia, haiek bizitza guztia baitaramate elkarren ondoan pixa egiten, normal eta natural. Egitura horri esker, parrandak pixka bat parekideagoak dira.

Esperientzia horretatik ikasi dugu probatu arte ez garela ohartu zenbat behar genuen horrela pixa egin ahal izatea, pentsa zenbat desoreka naturalizatu dugun emakumeok, zenbat esparru konkistatzeko. Asmakizuna uda honetakoa ez izanagatik, pareko ideiarik ez dugula ikusi gure herrietako jaietan; eredu onak hobeto komunikatu eta saretu behar ditugu. Eta garrantzitsuena, beti bezala, garaipen horiek komunitatean bizi ahal izatea dela; izan ere, elkarrekin bizi ditugulako egiten gaituzte aske. Askatasuna ezin delako banaka irabazi, nahiz eta horrela saldu nahi diguten.

Hainbeste bide ditugu urratzeko… zorionekoak gu, Susana izango dugulako bidelagun.

Gure Lopez de Arbina.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago