Bihotzez

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2022ko urr. 22a, 10:00

Arg: Unsplash

"Beldurraren kontra maitasuna ereiten duzuelako, bihotz-bihotzez, mila esker"

Atzean geratu dira oporrak. Ia denok izan dugu erritmoa mantsotzeko aukera. Gertukoekin, ezagutu berriekin edo bakarrik. Urrutian edo etxean bertan.

Aurrekoan otu zitzaidan abiadura motela eta zoriontasuna zeinen lotuta dauden. Atseden ondoen hartzen dugun garaian, lasaien ibiltzen garenean, egoten garela umore onenean. Orduan eta erritmo mantsoagoan bizi, orduan eta plazer gehiago sartzen da gure bizitzan. Janariak gozoagoak dira, paisaiak ederragoak eta konpainia hobea. Euskaldun onak lana badauka ardatz, agian hobe genuke Kariben asiloa eskatu.

Tarteka, gertatzen da oporraldiak itsas-bidaia luze baten antza hartzen duela. Neguan gordetzen gaituen portutik aldentzen gara; egun batzuk behar izaten ditugu olatuen erritmora ohitzeko, gutxi gehiago hil artean horrela bizi ahal izango ginatekeela pentsatzeko. Artxipelago turistikoak bakarrik ez, emoziozko ozeanoak ere gurutzatzen ditugu; sentsazioa hain da bizia ezen urtetako odisea bizi izan dugula dirudien. Eta azkenean, atzera Itakara porturatzean, gure barne-iparrorratza gradu batzuk mugitu dela senti dezakegu. Zorteko bagara, olatuen burrunbak astetan kulunkatuko gaitu.

Bidean lagun dugun eskifaiari zor dizkiogu abenturak. Izan urtean lagun dugun sareari, izan bidean topatu dugun taldeari edo herriz herri komunitatea eraikitzeko lanean ari diren lagunei.

Horregatik, euforia surfeatzean ondoan zaudetenei, magia gertatzeko aukerak sortzen dituzuenei, koloreak ekartzen dizkiguzuenei, koloreekin edertasuna egiten dakizuenei, denari baietz esateko prest zaudetenei, lehenengo aldiz edozertan saiatzen zaretenei, abiadura mantsotzeko gogorarazten diguzuenei, barre-algarak kutsatzen dituzuenei, banketxeak lapurtzera zentozketenei, komunitatea plazeretik bizitzeko bidea egiten duzuenei, beldurraren kontra maitasuna ereiten duzuelako, bihotz-bihotzez, mila esker. Etorkizuna iluntzen diguten honetan, itxaropena elikatzen duzue. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago