Ez-zuriak

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2022ko uzt. 21a, 10:11

Arg: 'Nirlit'

"Mundua ikusteko modu bat, glaziaretako izotza bailitzan urtzen"

Léveillé-Trudelek Nirliit liburuan narrazioa hasi eta segituan azaltzen du inuitentzat azal beltzekoak ere zuriak direla. Hala dira behintzat haien lurretaraino iristen direnak, zeinak mendebaldeko gizartearen araberako bizimodua izaten duten. Haientzat, zuria ez da kolore bat, bizitzeko modu bat baizik, agian, inuit populuaren arauen arabera bizi ez diren guztiena.

Inguruko herri indigenen artean, inuitena izan zen Kanadako Gobernuarekin harremana izan zuen azken komunitatea, eta kontaktuaren ondorioz etorri diren aldaketak abiadura azkarrenean nozitu dituena. Nomadak milaka urtez, sedentarizazio prozesu bortitza jasan dute; animismoa kristautasunak ordezkatu du, inuitera ingelesak eta ehizan oinarritutako ekonomia supermerkatuek; diru-laguntzak jasotzen hasi zirenetik, dependentzia ekonomikoak alkoholarekiko mendekotasuna ekarri die, besteak beste. Mundua ikusteko modu bat, glaziaretako izotza bailitzan urtzen eta ur handitan desagertzen.

Ihintza Marguiraultek egin duen ikerketari buruzko artikulua argitaratu zuen orain gutxi Berriak. Besteak beste, zehazten du XVIII. mendean, mikmaken eta euskaldunen arteko harremanak onak zirela, eta euskaldun eta inuiten artekoak erdipurdikoak. Baina inor ez omen zen inuitekin ondo moldatzen, beraz, gureak gaizki ez. Beste iturri batzuen arabera, Labradorreko kostaldean egindako indusketek frogatu dute balearen arrantzara joandako euskaldunek eta inuitek aliantzak egin zituztela eta lankidetzan aritu zirela. 

Honezkero, pentsatu duzu datorren udarako plan ederra litzatekeela artiko aldera bidaia egitea. Inuitak ezagutu, haiei gure elkartasuna adierazi, euskaldunen aztarnak bilatu, elurrik ez den eremuetan mendi txangoak egin… Orain pentsatu, XV. mendetik aurrera euskaldunak Hudson Badian nola, inuit itsasontziak Kontxako Badian agertuko balira, gurean komunitatea sortu, aliantzak egin eta lankidetzan aritzera. Nolako harrera egingo zenieke?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago