Iritzia

Oinaze-zalditik

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2022ko urt. 21a, 08:30

"Hankak parez-pare ireki behar izaten ditugu, nahiz eta senak ixteko eskatu"

Ez dakit teoria ezagunik ba ote den norberari gertatzen zaizkionak eta gertakari kolektiboak banatzen dituen marrari buruz. Alegia, nire auziek noiz uzten diote nire izateari denon arazo bihurtzeko? Sarean norberaren kontu bat plazaratu eta milaka datsegit lortuz gero, akaso?

Twitterren begiratuta: ginekologoari bisita egitea. Aplikazioan topatu daitezke kontsultetan bizitako hainbat esperientzia. Badirudi ginekologoengandik jasotako arreta tentsioz bizi dutela emakume ugarik. Artatuak izan diren moduaren ondorioz kontsulta negarrez utzi dutenen testigantzak ere badira.

Manspreading-a salatzen duten txioetan ikusarazi zaigunez, gizonak ez bezala, emakumeak ez gara hankak zabaldu zaleak. Mendetan gorputz-arimez garbiak izateko hankartekoa estu babestea agindu izan digute, eta zama hori ez dugu berehalakoan kenduko. Ginekologoarenean baina, medikuak ikuspuntu egokia izan dezan, sakoneraino zaurgarri sentiarazten gaituen oinaze-zaldi demonio batera igoarazten gaituzte eta hankak parez-pare ireki behar izaten ditugu, nahiz eta senak ixteko eskatu. Amoranteari oparitu ohi zaion bista preziatua ezezagun bati mailegatzen diogu kontsultan.

Nire bostekoa: aluak, aurrez aurre, osasungintzako langileek eta jaten dizkiguten amoranteek baino ez dituzte ikusten. Guk, gure aluari begiratzen al diogu guk? Betidanik soinean izan arren, ez al zaigu norberarena ezezagunena? Horrek gure gorputzaren desjabetzea dakarkigu; eta, ezinbestean, ginekologoarenera salduta goaz.

Tamainako intimitatea partekatzen ari garela, zer nahi dugu samurtasunez zainduak izatea besterik? Baina maiz, desatsegina izaten da. Eta nire buruari galdetzen diot: nire arazoa da, edo emakumeoi ez zaigu merezi eta behar dugun arreta ginekologikorik ematen?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago