Maitasun politikoaz

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2021ko urr. 9a, 10:00

Arg: Pixabay

"Pausorik ez du emango etorkizuna esperantzaz irudikatu ezin duenak"

Orain egun batzuk, egoera emozional kolektiboek jendartearen jokamoldeetan duten eraginari buruzko artikulu bat irakurri nuen, Yayo Herrero eragile ekofeministak idatzia. Bere hausnarketaren ildotik otu zait emozio eta sentimenduek gure bizitza aldez alde gurutzatzen duten arren, eremu pribatuan gertatzen zaizkigunak deskribatzeko baino ez direla erabiltzen. Alegia, nekez topatuko ditugula, ohiko informazio iturrietan, errealitate kolektiboak azaltzeko; are gutxiago, ildo politikoak zehazteko.

Emozioek politikan egin dezaketen bidean pentsatzen, gizakia bera bezain zaharrak diren bi inertzia politiko irudikatu ditut soka baten mutur banatan tiraka: aldaketa nahi dutenak alde baterantz, eta egoera bere horretan iraunaraztearen aldekoak besterantz. Bistan da, galtzeko gehien daukatenek beti bere kontserbazioaren alde egingo dutela. Galtzeko gutxi daukaten beste batzuek ere, status quoaren defentsa egiten dute edo dagoenarekin konformatzen dira. Izan ere, aldaketak berezkoa du ezezagunera jauzi egitea, eta pausorik ez du emango, beldurrez, etorkizuna esperantzaz irudikatu ezin duenak.

Eta beldurrari gain hartzeko zer? Ba ikarak estutu ninduen batean lagun batek oroitarazi bezala, maitasuna. Maitasun politikoa, erantsiko nuke nik. Bizitza duinen zerbitzura jarritako maitasun politikak behar ditugu, maitasunez diseinatuak eta maitasuna saretzeko asmoa daukatenak. Jendartearen kohesioa eta bideragarritasuna bermatuko dutenak, desamodioak biderik egin ez dezan, beldurrak blokeatu ez gaitzan, esperantza gal ez dezagun.

Agian, prozesu horretan amorruaren katarsitik pasa beharko gara. Amorruak piztu egiten gaitu, boteretu, askatu. Su biziberritzailea da eta molde zaharrak errausten ditu, berriak sor daitezen. Horrexegatik, pribilegioak galtzeko dituenarentzat, deitoragarria izango da. Beti.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago