Hutsaren hurrena

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2021ko mai. 29a, 10:00

"Tarteka iruditzen zait proba gogorregia aukeratu dudala, ez nagoela sasoiko"

Zertan dira antzekoak Giroa eta Osakidetza? Ba Osakidetzak euskaldunon eginahala zapuzten duela, Dolomitek txirrindularien ametsak nola.

Euskaraz artatua izateak ematen duen poz txikiak medikuarekin konfiantza giroa sortzen laguntzen dit. Euskaraz bizitzea aukeratu duenak badaki zertaz ari naizen. Horregatik erabaki nuen mediku espezialista euskaldunak eskatzea. Erronkarako prest nengoelakoan, osasun zentroko langileari hitzordua mediku euskaldunarekin eskatu nion. Hark azaldu zidan aplikazio informatikoa ez zegoela horretarako gertu, ezin zutela ikusi arreta euskaraz nork ematen duen, eta deitzeko pazientearen arretarako bulegora. Lehenengo etapan kale. Baina lasterketa luzea egitera etorri gara eta animo!

Bigarren etapan, pazientearen arretarako bulegoko langile batek iradoki zidan nire ahaleginak eragin handiagoa izango zukeela euskarazko arreta espezialistarenean zuzenean eskatuz gero. Horrek tropela harrapatu ezinean atzean geratu den txirrindulariaren azalean jarri ninduen: telefonoa hartzen duenak inoiz ez daki zerbitzuan mediku euskaldunik ba ote dagoen, ez eta hitzordua harekin eskatzeko zer egin behar den ere.

Azkenekoa Mortirolo igotzea lakoa izan da: mediku euskaldun bakarra dagoela, egun erdiz egiten duela lan, egutegia egin gabe daukatela. Onena: pazientearen arretarako bulegora deitzea, haiek arduratuko direla! Bareak heldu dit!

Baina deitu dut enegarrenez. Han ere ez dakite espezialista euskalduna eskatzeko zer protokolo jarraitu behar den, eta ezin izan didate hitzordua eman. Gurpila zulatu eta lurrera! Amorruaren amorruz erreklamazioa jarri dut. Bigarren mailako herritarra naiz. Osakidetzak hutsaren hurren sentiarazi nau.

Tarteka iruditzen zait proba gogorregia aukeratu dudala, ez nagoela honetarako sasoiko. Orduan Kike Amonarriz irudikatzen dut bide bazterretik adore ematen, eta aizue, animosoago sentitzen naiz. Talde-lanean errazago egingo genuke bidea, animatzen?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago