Isiltasuna urratu

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2021ko mar. 27a, 10:00

Arg: Unsplah

"Estigmak erruduntasuna dakar; atsekabea merezitakoa dela pentsatzea"

Isiltasuna ez da aukera neutroa izaten. Kontatzen ez duguna ez da existitzen, eta ondorioz, ezin du errealitatea aldatu.

Baina gertatzen zaigunari hitza jartzea zaila da batzutan, lotsaz askotan. Badakigu, gure gatazka arauz kanpokoa bada, estigmatizatuak izango garela, eta horren beldurrez, arlo pribatura mugatzen dugu. Estigmak erruduntasuna dakar, eta atsekabea merezitakoa dela pentsatzea. Horregatik dira hain beharrezkoak gure mundu hau aldatzeko gaiak lehenengoz plazaratzen dituzten ahotsak.

Pentsa erasotutako emakumeengan. Duela gutxira arte, emakumeak izan dira estigmaren eramaileak. Haiei egotzi zaie erasoak gertatzearen errua, halako indarrez ezen kasu batzuetan bizirauteko bide bakarra isiltasuna izan baita. Horregatik falta izan zaie ingurukoen babesa edo sistemaren laguntza. Azken urteotan estigma tokiz mugitu dela ematen du. Emakumeen kontra indarkeria fisikoa erabiltzen duten gizonek daramate, eta nekez topatuko dugu egoera berean Poliziari dei egingo ez dion herritarrik edo artatuko ez dituen erakunderik.

Emakumeen kontrako indarkeria esplizituaren estigma deuseztatzeko, gai honen inguruko isiltasuna urratu zuten ahotsak behar izan dira, lehen pertsonan kontatutako istorioak, lotsa eta errua astinduta ezkutatutako errealitatea parez pare jarri digutenak. Estigmak desaktibatzeko beharrezkoa da bazterrekoa dena arau arrunt bilakatzea, normaltzea. Eta horretarako milaka eta milaka aldiz errepikatu behar dira ozen istorio pertsonalak, denek batera historia kolektibo berria eraikiko dutenak, Me too mugimenduak orain gutxi egin duenaren antzera.

Azkenean, kontakizun berriak ekarri du espazio pribatuan kokatzen ziren gai batzuek espazio publikora jauzi egitea, eta ondorioz, bien arteko oreka berria sortzea. Prozesu horretan, emakumeak ahaldundu egin gara. Hor bada bazterretik erdigunera etengabe egiteko dagoen bide bat: ezkutuan denari argia eman, isiltasuna urratu, plaza publikoa okupatu, boterea birbanatu, ahaldundu. Bidelagun izan nahi?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago