Albo-biktimak

Erabiltzailearen aurpegia Gure Lopez de Arbina 2021ko ots. 6a, 12:00

"Bi asteren bueltan hil zen. Ez zuen koronabirusak hil. Bere borondatez jateari utzi zion".

Gene, 92 urterekin, osasunez ondo zegoen, baina senideek zahar-egoitzara eraman zuten bere burua zaintzeko laguntza behar zuelako. Apirilean, birusak hartu zuen eta erietxean neumonia bilaterala diagnostikatu zioten, baina ez zuten ingresatu, adineko gaixo positibodunak artatzeko zentro batera eraman zuten, familiari baimenik eskatu gabe. Ordurako, segurtasun neurriengatik hilabete zeraman gelatik atera eta bisitarik jaso gabe. Harekin bideodei bakarra egitea lortu zuten, bitartekariek jarritako trabak gainditu eta gero. Gene hain zegoen haserre, ezen ez baitzituen pantailaren bestaldean zeuzkan senideak begiratu nahi izan. Bi asteren bueltan joan zen. Ez zuen koronabirusak hil. Bere borondatez jateari eta medikazioa hartzeari utzi zion. Hala ere, koronabirusak hildakoen estatistiketan sartu zuten Gene. Familiari solaskide denek helarazi zioten mezua, dena ondo zihoala. Hori sinistuta, ezin izan zuten ezer egin.

Etengabe jasotzen ditugu koronabirusak kutsatutakoei buruzko datuak, hildakoenak, arduragabe jokatzen dutenenak, baina ez dugu informaziorik koronabirusaren kontra hartutako neurrien albo-kalteez, Generen moduko albo-biktimez. Zorrotzak dira norbanakook hartu beharreko neurriez iristen zaizkigun mezuak. Haatik, ez dirudi osasun eta zaintza sistema indartzeko planik proposatzen denik. Gure agintariek osasun publikoa zaintzeko estrategia pertsonen isolamenduan oinarritu dute, eta informazioa falta zaigu herritarroi egoki ari ote diren baloratu ahal izateko.

Bizi dugun krisi honek agerian utzi ditu, inoiz ez bezalako indarraz eta zorabiatzeko moduko abiaduran, erabaki politikoek pertsonengan dituzten ondorioak. Iazko martxotik hona hartu diren neurriek aste batzuen buruan salbatu dituzte bizitzak, edo ez, Generen kasuan bezala. Zaila da jakiten estrategia onena den, edo agintariek merkeena aukeratu duten. Edonola ere, neurri batzuk ezarri eta beste batzuk baztertzen dituzte. Eta erabaki horien ondorioen arduradun dira. Baita albo-biktimena ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago