-Seguru al zaude?
-Beno... seguru, seguru...
Ez dut ezagutzen gertukoek planak zapuzteko tresna eraginkorragorik.
Demagun denbora luzea dela zure urtetako bikotearekin daukazun harremanak asetzen ez zaituela. Bukatu da, eta uzteko moduan ikusten duzu zeure burua. Edo baliteke lanean aspertuta egotea. Lana ona da, bai, soldata eta baldintzak ezin hobeak gertukoek dituztenekin alderatuta, baina han jarraitzen baduzu depresioak akabatuko zaitu.
Azkenean animatu zara oso konfiantzazko pertsona horri aitortzen, lehenengo aldia da ozen esaten duzuna "ezin dut gehiago, banoa". Zu txapeldun sentitzen zara horraino iristeko gai izan zarelako. Txaloak espero dituzu, ia. Baina horren ordez, "seguru zaude?" bat bota dizu parekoak. Zure sostengu behar zuenak. Eta bata bestearen atzetik zerrendatu ditu horrelako erabaki bat hartu aurretik kontuan hartu beharko zenituzkeenak.
Gauzak aldatuko diren beldurrez bizi zaren lagun hori, berandu baino lehen nire tokian egongo zara.
Seguru nago.