2014an Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Heziberri 2020 plana sinatu zuen. Bere lehenengo atalean zera adierazten da: "(...) planteamendu etiko batetik hezkuntzak aukera berdintasuna eskeini behar du, inolako bazterkeriarik gabe eta konpentsatu egin behar ditu ezberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak (…)".
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemak Estatu Espainoleko kontzertazio tasarik altuena du. Ehuneko 50koa hain zuzen ere (estatukoa aldiz %33koa da); horretaz gain, EAEko zentru kontzertatuen finantziazioa estatuko onena da.
Zer da ikastetxe kontzertatu bat? Irakasle, funtzionamendu eta birjarpen gastuak estaltzeko %100 finantziazio publikoa jasotzen duen, titulartasun pribatu edo kooperatiboa duen zentrua da.
Cristina Uriartek berak pasa den martxoan esan zuen ikastetxe kontzertatuetan hezkuntza guztiz dohakoa izan behar dela, kuoten ordainketa legeak debekatzen baitu. Zentro baten ikaslegoaren %30ak jatorri atzerritarra badu "kontzentrazio altuko zentrua" dela dio Eusko Jaurlaritzak.
Bastidako eskola publikoa kontzentrazio altuko zentrua da. Bastidako ikastola ez.
Googlen, "Bastida ikastola kuotak" idatzitakoan, PDF dokumentu bat azaltzen da. Bertan hau irakur dezakegu: autobusa eta jantokia kenduta, ume bakoitzeko hilean 80 euro inguruko kuotak ordaindu behar dituzte familiek kontzeptu hauetan: bazkide kuota, material kuota, garbiketa kuota (12€ hilean!!!), kooperatiba kuota, inbertsio kuota (???)...
Ikastolak
Ikastolen garrantzia historikoa hezkuntza euskaldunaren alde ukaezina da, zalantzarik gabe. Hala ere, gaur egun hezkuntza euskalduna eskubide bat da EAEko sare publikoan.
Gero ta nabarmenagoa da, gainera, diru publikoz hornitutako hezkuntza kontzertatua, elite aborigen baten ezkutaleku bihurtzen ari dela, inmigrazioaren fenomenoari aurpegira ez begiratzeko.
Kontestu honetan, pribatutasunaren apologia egiten duten ikastolen aldeko festak inozenteak iruditzen zaizkigu benetan? Gizartearen goraipatze moral eta babes ekonomikoa merezi dute?
Lagun euskaltzaleek, hizkuntz komunite zelebrea aipatuz eta horri eutsiz, baietz erantzungo didatelakoan nago. Baina denok nahi dugun euskara komunitate horrek, inklusiboa eta denontzat ez den neurrian, denboran zehar iraungo du?