Chiosetik, argazki txiki bat

Apirilaren 13a da gaur. Laugarren eguna dugu Chios irlan. Salvamento Maritimo Humanitario  (SMH) Gobernuz Kanpoko Erakundearen hamabost eguneko txanda kubritzera etorri naiz sanitario bezala.

 

Taldean, itsasontzi patroi bat, lau suhiltzaile eta seirok. Hiru suhiltzaile salbamendu lantxaren tripulazioa dira eta laugarrena anbulantzia gidari-laguntzaile.

Irlan orain gutxira arte SMHk egindako lana errefuxiatuz betetako txalupa prekarioak lehorrera laguntzea izan da, pertsona guztien egoera baloratzea, osasun arazorik topatuz gero ahal den neurrian kudeatzea eta erregistro zentroetara egoera onean iristen direla ziurtatzea. Baina Europako Batasuna eta Turkiaren arteko akordioak egoera guztiz aldatu du; Turkia eta Chiosen arteko urak orain  itsasontziz josita  daude: Frontexekoak, Grezia eta Turkiako armadakoak eta guardakostak.

Errefuxiatuen txalupa gutxi ateratzen dira orain eta ateratzen direnak bidean gelditzen dituzte. Hau Greziako uretan gertatuz gero, errefuxiatuak itsasontzietara igo eta Chioseko erregistro zentroetara eramaten dituzte. Turkiako uretan topatuz gero, Turkiara bueltan. Eta Turkian zer gertatzen ari den? Auskalo.
Kanpamenduetan siriarrak, afganiarrak eta irakiarrak pilatzen dira. Momentu honetan bi mila inguru.

Ez dakite (ez daki inork) zer gertatuko den. Irlatik ezin dira atera eta ez dakite Turkiara bueltan eramango dituzten. Jatorri ezberdineko errefuxiatuen arteko liskar baten ostean, siriar multzo handi bat kanpamendutik ihesi atera zen Chioseko portura duela astebete. Portuan protestaka ibili ziren irlatik kontinentera atera nahian. Poliziak inguratu zituen, Amanecer Doradoko naziak azaldu ziren bertan... eta liskar gehiago. Portutik Chios hiriko erdialdeko plaza batera mugitu ziren orduan, ihesean berriro. Hor jarraitzen dute, inprobisatutako kanpin dendetan lo egiten.

Beraz, hau da egoera: bi kanpamendu ofizial daude, ejertzitoak "babestuta", eta Chioseko Plazako kanpamendu inprobisatua. Zergatik ez diren bueltatzen plazakoak kanpamendu ofizialeko hiru jatorduetara eta ACNUR-en etxetxo fidagarrietara? Plazan ez dira ikusezinak, agerian daude bai prentsarentzat eta baita grekoentzat eta boluntarioentzat ere.

Errefuxiatuengana hurbiltzean pertsona edukatu, paziente eta irrifartsuak topatu ditut. Inork ez daki, baina, zein izango den perspektiba eza eta uhartetasun honen batuketaren  emaitza.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago